GARA Euskal Herriko egunkaria

San Pedro, San Martzial eta Santa Isabel jaiak kateatuko ditu Gipuzkoak

Abiada bizia hartu dute jaiek Gipuzkoan, eta badatoz orain sanpedroak Eskoriatzan, Orion, Lasarten eta Zumaian, sanmartzialak Irunen eta santixabelak Usurbil eta Zumarragan. Bakoitzak aukeratu dezala zein herritako jaiak gozatu nahi dituen, gustu guztietarako egitarauak osatu dituzte eta.

Eskoriatzako jaietako artxiboko irudi bat. Festak bihar hasi eta uztailaren 1era arte luzatuko dira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

 

Eskoriatzan ekainaren 28tik uztailaren 1era ospatuko dituzte sanpedroak, nahiz eta egitaraua gaur hasiko den. Txupinazoa bihar 13.00etan botako dute, eta aurtengo pregoilaria Eskozap Zapatista taldea izango da, zeinak bere Aste Zapatistaren 25. urteurrena ospatzen duen.

Nobedade bezala, aurten Zigor-dantza berreskuratuko dute. Dantza horren inguruko 1948ko bi argazki topatu dituzte, baina ez zegoen informaziorik. Hori dela eta, Gorosarri dantza taldeak ikerketa egin du, eta egungo moldeetara egokitzen den bertsio bat eskainiko dute uztailaren 1ean.

Musikari dagokionez, Joselu Anayak taldea berriro itzuliko da Eskoriatzako jaietara, urte batzuetan bertan jo gabe egon ondoren. Uztailaren 1ari amaiera emango dio euren emanaldiak. Bestalde, Bad Sound System irundarra ere arituko da (ekainaren 30ean).

Helduen danborradan ere aldaketa garrantzitsu bat izango da, ibilbide bakarra egon beharrean bi ardatz egongo baitira. Beste ekitaldi kuttuna sokamuturra izaten da, ekainaren 29an goizeko 8.00etan izango dena, eta baita uztailaren 1eko herri bazkaria ere. Bestalde, ekainaren 29an, 22.30ean, Deabru Beltzak taldeak bere “Su danborrak” ikuskizuna eskainiko du, eta hurrengo egunean 23.00etan su artifizialak botako dituzte.

Lasarteko jaiak ekainaren 30era arte ospatuko dira, eta jada martxan daude. Haur txupinazoarekin eta ofizialarekin hasi ziren festak, non Las Chicas de Oro izan ziren protagonistak. Horiek omenduko dituzte ekainaren 29an, kultur etxean. 1964an, ATC enpresako emakumeek elkartu eta saskibaloi talde bat sortu zuten, eta euren balioak goraipatuko dituzte ekitaldian.

Udalak prestatutako egitarauan, arratsaldeko zein gaueko kontzertuak nagusitzen dira: Merina Gris, Dupla, Kai Nakai, Kaotiko, Urtz edo La Basu izango dira bertan joko duten artistetako batzuk. Horrez gain, 2023an hain arrakastatsua izan zen “Hu-Ha! remember festa” egingo dute gaur, 90eko musika gogora ekarriz.

Herriko elkarteek egitaraua osatu dute euren ekarpenekin. Adibidez, ekainaren 29an kantu jira egongo da kaleak euskal abestiekin girotzeko, eta arratsaldean, sagardo dastaketa eta erromeria izango dira 18.00etatik aurrera, baita sardina jana ere. Buruhandi eta erraldoiak ere hainbatetan aterako dira kalera egun hauetan.

Gaur botako dute Orion San Pedro jaietako txupinazoa, festak egun bat aurreratuz, eta ekainaren 30era arte luzatuko dira. Ohiko ekitaldiek lekua izango dute egitarauan; jubilatuen hamaiketakoak, 3×3 futbol txapelketak, haur eta gazteen pilota-partidek edota heriotzarik gabeko arrantza txapelketak. Horiez gain, iazko arrakasta ikusita, bizikleta-igoera errepikatzea erabaki dute antolatzaileek.

Berritasunei dagokienez, badira pare bat: herri-kiroletako parte hartzaileak antolatu dira San Pedro eguneko (ekainak 29) eguerdi partea girotzeko. I. San Pedro Erronka 10-14 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat pentsatu da, ekainaren 30erako, eta lagunarteko jolasekin ondo pasatzeaz gain, elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Trajea estreinatzen zuten lehen Zumaian euren jai nagusietan, nahiz eta egun ohitura hori galtzen ari den. Sanpedroak gaur hasiko dira eta 29an, egun handian, amaitu. Herri mailako esku-pilota txapelketako finalak zabaltzen du egitaraua, txupinazoaren aurretik (18.00etan). Ondoren, Jainekin txarangak eta Malko eta Gozategi taldeek musikaz beteko dute herria.

Bihar kirol ekintzak izango dira: Emakumeen binakako pala txapelketaren finalak, herri kirolak eta Beteranoen estropadak. Haurrentzako jolasak eta musika ere ez dira faltako. San Pedro egunean itxiko dituzte festak, 23.00etan izango den su artifizialen ikuskizunarekin.

San Pedro jaiak aurrera doaz

Irunen. Pasa den astean hasi ziren eta ekainaren 30era arte luzatuko dira, San Martzial egunera arte. Musikari dagokionez, Ladilla Rusak elektropop ukituko runbak eskainiko ditu gaur, eta Judeline, Suso DJ eta Rico Rosa arituko dira bihar. Bestalde, berriro ere, Gaztegunea gazteen topalekua izango da. Kiliki, Fane edo Maria Escarmiento izango dira bertan jotzen.

Hiri osoa dantzan jartzeko prest, Jamaica Show Orkestra arituko da, eta jaiei amaiera emateko, astelehenean, bi diskofesta izango dira; haietako bat hiriko gazteenentzat.

Egitarau oparoa eskainiko dute egun guztietan. Adibidez, gaur, nerabeei zuzendutako “arroparen bigarren bizitza” tailerra egongo da, eta helduentzat, berriz, Asier Kidam eta Eriz Magoaren magia-poteoa. Bihar, harrotasunaren eguna dela eta, apar festa antolatu dute, eta 29an Lastargidunak gogoratzeko ekitaldia izango da Pagoki Emakume Elkartearen eskutik. Ekainaren 30ean San Martzial eguna denez, alardea egongo da ospakizun guztien erdigunean.

Sanpedroak alde batera utzita, Santa Isabelen unea iritsi da. Zumarragan jada martxan daude, eta uztailaren 2an amaituko dira. Gaur, herriko elkarteen arteko danborrada ospatuko da, eta Sukar taldearen dantzaldiarekin jarraituko du festak.Bihar, mus eta xake txapelketak ospatuko dira, eta joko tradizionalen ildoari eutsiz, haurrentzako egurrezko jokoak ere izango dira Euskadi plazan. Arratsalderako, Zumarraga-Urretxuko dantza taldeek jaialdia prestatu dute, eta gauerdian plazan Larrain dantza herrikoia egingo da.

Igandean La Salle ikastetxeko jolastokian egingo duten errekortari txapelketak aipamena merezi du, baita hurrengo eguneko kuadrillentzako Gran Prix jolasek ere.

Uztailaren 1ean haurrentzako ekitaldi ugari izango dira, tartean, txutxu trena edo apar festa.

Uztailaren 2an izango da zumarragar gehienen ospakizunik kuttunena, Antioko erromeria. Plazan hasita, txistulari bandarekin batera igotzen dira Antiora, eta eliza aurrean Ezpata Dantza es- kaintzen diote ama birginari, baita ohorezko aurreskua ere.

Fedea gorabehera, egun aparta izaten da zelaian lagunekin herri-bazkaria egiteko. Egun osoan zehar musika egongo da, iluntzean herrira itzultzeko ordua iritsi arte.

Eta bolada honetan beranduen ospatuko diren jaiak Usurbilgo santixabelak izango dira, ekainaren 30etik uztailaren 6ra ospatuko direnak. Aurtengo txupinazoa Ziortza gazte elkarteak eta Zumarte musika eskolak botako dute, batera, uztailaren 1ean. Horren ostean, herriko buruhandi berriak aterako dira lehen aldiz, eta aurreratu ez duten ezustekoren bat izango da.

Jai batzordeak herritar guztiak kontuan hartu nahi izan ditu, eta horregatik, espresuki adinekoengan pentsatuz antolatutako ekitaldiez gain, erraztasunak ematen saiatu dira haiek ere festez gozatzeko aukera izan dezaten eta festen parte senti daitezen.