2025 EKA. 28 TXIRRINDULARITZA Usoa Ostolazak zilarra erdietsi du erlojuaren aurka Estatuko txapelketan Urrezkorik jantzi ez arren, euskal txirrindulariek zilarrezko lau domina eta brontzezko beste bat eskuratu dituzte Sierra Nevadako estaziorako bidean. Usoa Ostolaza, Sierra Nevadarako bidean ahalegin betean. (@RFECICLISMO) GARA Tourra hasi aurreko asteburuan estatuetako txapelketak jokatzen dira eta Hego Euskal Herriko txirrindulariek Granadan dihardute Espainiako Txapelketetan. Atzo izan zen aurreneko jardunaldia eta erlojuaren aurkako lasterketak jokatu ziren. Euskal txirrindulariek ez zuten urrerik eraman, baina bai domina uzta oparoa: zilarrezko lau eta brontzezko bat. Lorpen horietatik azpimarragarriena, Usoa Ostolazak emakumeen elite mailako erlojupekoan eginiko bigarren postua. Mireia Benito katalana soilik izan zuen aurretik zarauztarrak. Soudal taldeko txirrindulariak 35 minutu eta 48 segundoan amaitu zuen Sierra Nevadarainoko ibilbidea; Ostolazak, berriz, 37 minutu eta segundo bakarrean. Ia minutu bat atzerago sailkatu zen elite mailako hirugarrena: Paula Blasi katalana, 23 urtez azpikoetan txapelduna. Atzetik aurrera egin zuen Ostolazak, ibilbideak indarrak ondo neurtzea eskatzen zuelako. Kontrako bidean egin zuen erlojupekoa, aldiz, Eulen taldeko Maite Urteagak eta zazpigarren amaitu zuen. ONDO GAZTEEN MAILAN Elite mailakoen lasterketen aurretik, juniorren eta 23 urtez azpikoen erlojupekoak jokatu ziren; euskal txirrindulariek beste lau domina lortu zituzten. Benjamin Novalen atzetik Ibai Villate bizkaitarra -Kantabriarekin aritu arren- eta Luca Martinez nafarra sailkatu dira, hurrenez hurren, junior mailako mutilen lasterketan. Emakume juniorren artean, berriz, Paula Ostiz nafarrak penetan amaitu zuen bigarren, iaz erdietsitako garaipena ezin errepikatuz. Alejandra Neira galiziarrak lau segundo gutxiago behar izan zituen. Azkenik, 23 urtez azpiko mutilen deman Unai Ramos tuterarrak zilarra eraman zuen, Gaztela-Mantxako Adrian Fajardoren ostean. Elite mailako gizonen erlojupekoa Caja Ruraleko Abel Balderstonek irabazi zuen. GOGORRAEz ziren erlojupeko luzeak izan, gehienez ere 14 kilometrokoak, baina Sierra Nevadarako bidean ibilbide gogorra aurkitu zuten txirrindulariek, goranzko aldapa, beroa eta haizea.