GARA Euskal Herriko egunkaria
LAS MIL MUERTES DE NORA DALMASSO

(Ez) esan gezur bat mila aldiz


Egun estreinatzen diren ehunka true crime-en artean kalitatezko proposamenak aurkitzea gero eta zailagoa da. Askok liluratzen dute ikuslea lehen begiratuan, baina apenas heltzen dioten gaiari benetako zorroztasunez, eta oso gutxik jartzen dituzte biktimak erdigunean, morboaren itzaletik ihesi. Zorionez, noizean behin, “Las mil muertes de Nora Dalmasso” bezalako proposamen interesgarriak jaiotzen dira.

Dokumentalak azken urteotako Argentinako feminizidiorik eskandalagarrietako bat aztertzen du: 2006an gertatu zen, Rio Cuarto hirian; 51 urteko Nora Dalmasso bere etxean hilda aurkitu zuten. Nora eta bere familia pertsona ezagun eta mediatikoak ziren.

Gertatutakoa eraikitzeko testigantza oso boteretsuak biltzen ditu dokumentalak: Noraren seme-alaba Facundo eta Valentinarenak, Marcelo Macarron alargunarena, lagunenak, kazetarienak eta auzitegiko profesionalenak.

Ardatz nagusietako bat kasuak izan zuen eragin mediatiko eta sozialaren azterketa da. Narratiba intimoa eta errespetuzkoa du oinarri: sentsazionalismoa saihesten du eta kasuaren alde humanoa nabarmentzen du.

Gertatutakoa ez ezik, filmak erakusten du nola kutsatu zuten ikerketa presio mediatikoek, baliorik gabeko iritzi matxistek eta oker emandako agindu judizialek; horrek guztiak desitxuratu zuen kasuaren ikuspegi nagusia. Halaber, matxismo estrukturalak krimenaren pertzepzio publiko zein judiziala nola moldatu zuen ere sakonki salatzen du.

Kazetaritza sentsazionalistak Noraren irudia nola desitxuratu eta nahasi zuen erakusten du lanak eta haren familiari ia hogei urtez nola eragin zion.