2025 UZT. 02 Bilboko Udala salatuko du ELAk, euskara eskakizunak murrizteagatik GARA BILBO ELAk Bilboko Udala salatuko du, «deialdietako lanpostuen %40ra mugatu nahi baitu euskararen eskakizuna». Sindikatuak ohar bidez salatu zuen horrela ezin dela euskaraz arreta jasotzeko eta lan egiteko eskubidea bermatu. Udalak aurretik argitaratutako 35 eskaintzetan, lanpostuen %70ean eskatzen zuten euskara mailaren bat egiaztatzea. ELAk azaldu zuenez, CCOOk Udalaren deialdi baten aurka egin zuen euskara eskakizunak gehiegizkoak zirela iritzita, eta Auzitegi Gorenak oraindik ebatzi ez duen arren, Udalak deialdi guztiak aldatu ditu. Sindikatuak kritikatu zuen azken urteetan ia desagertu egin direla langileek euskara ikasi dezaten bideratutako udal laguntzak. Gainera, Bilboko Udalak euskararen inguruko araudi propiorik gabe jarraitzen duela gogoratu zuen ELAk. Horrela, salaketa iragartzeaz gain, sindikatuak Udalari exijitu dio erabakian atzera egin dezala, baita langileak euskalduntzeko plan bat diseinatu dezala ere.