2025 UZT. 02 INFILTRADA EN EL BÚNKER Borroka ez da amaituko kaiola guztiak hutsik geratu arte Gaizka IZAGIRRE HERNANI PrimeVideo plataformara iritsi den “Infiltrada en el búnker” dokumentala lazgarria da. Laborategietan animaliek jasaten dituzten tratu txarrak salatzen ditu. Carlota Saorsaren [gezurrezko izena] istorioa kontatzen du; animaliekin esperimentuak egiten diren Espainiako laborategi batean (Vivotecnia) bi urtez bizi izandako errealitate gordina munduari erakusteagatik dena sakrifikatu zuen emakumea da bera. Bere ikerketa kamera ezkutuz grabatutako ehunka ordutan oinarritzen da, eta horien bidez laborategian egiten ziren praktikak ikus daitezke. Thriller kutsua duen lan honek laborategi farmazeutiko batean inoiz egin den infiltraziorik luzeena erakusten du (18 hilabetez egon zen infiltratuta), eta eztabaida sozial saihetsezin bat jartzen du mahai gainean: esperimentazio zientifikoan animaliak erabili ala ez. Dokumentalaren bizkarrezurra Saorsa infiltratu zeneko benetako irudiak dira, baina narrazio guztia elkarrizketa nagusi batek harilkatzen du: Pablo de la Chica zuzendariak Carlota Saorsarekin izandakoak. Protagonista lekuko babestua denez, eta segurtasun arrazoiengatik (mehatxupean baitago), elkarrizketa hori birsortuta ikusiko dugu: Goize Blanco aktore bilbotarra sartu da protagonistaren azalean, eta berak gidatuko du istorioa; bera izango da Carlota Saorsaren ahotsa. Testigantza horien artean, fikzionatutako pasarte batzuk ere ikusiko ditugu, narrazioari tentsio geruza bat gehitzen diotenak. Egitura horren bidez, dokumentala ikusten duena Carlota Saorsaren bidaia arriskutsu eta gogorrean murgilduko da, eta bere begien bitartez -betaurrekoen bitartez, zehazkiago esanda, ezkutuko kamera bertan baitzeraman- 544 egunetan bizitakoa jasoko du.