Peli LEKUONA
DONOSTIA
Elkarrizketa
MARIA UBARRETXena
Lakuako Gobernuko bozeramailea

«Lankidetza eta akordioa dira gure ikurrak, eta horrela jarraituko dute»

Imanol Pradales lehendakariaren agintaldiak urtea bete zuen ekainaren 22an, eta urte politikoa eta gaurkotasun politikoa baloratzeko, NAIZ Irratiko mikrofonoetatik pasatu da Maria Ubarretxena, Gobernu bozeramailea eta Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernua saileko sailburua.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Igaro da Exekutibo berriaren lehenbiziko urtea. Nolako balantzea egiten duzue?

Lehendakariak dio akzioen gobernu bat garela, autoexijentziaz jardun behar dugula, eta hala jarduten saiatu gara sailburu guztiak. Seguruenik denean asmatu ez arren, elkarrizketarako eta akordioak lortzeko saiakerak egin ditugu, entzute aktiboa praktikan jarri dugu, eta hori izan da gobernu honen identitatea. Mota askotako eragile askorekin bildu da lehendakaria. Beti esaten dugu Gobernuak bakarrik ezin diela Euskadik dituen erronkei aurre egin, eta horretarako kolaborazioa eta akordioak behar ditugula. Lehen urte honetako ikurra hori izan da, eta hori izango da aurrerantzean aurrera eramango den politika edo dinamika ere.

Osasun Ituna izan da ikasturte honetako gai nagusietako bat. 24 ildo estrategikoak onartu ondoren, zeintzuk dira hurrengo pausoak?

Lehenengo hiru faseetan erabateko akordioa egon da, bai diagnostikoan, bai printzipioetan, baita 24 ildo estrategikoetan ere. Hurrengo pausoa izango da adostasun horiek martxan jartzea. Guretzako oso baliagarria izan da eta benetan pozik gaude ateratako emaitzarekin. Gainera, Jaurlaritzatik lehen momentutik esan zen profesionalei entzungo zitzaiela eta profesionalek hartutako erabakiak edo egindako proposamenak aintzat hartuak izango zirela. Eta horrela izan da, 400 profesionalek hartu dute parte.

Parte hartu duten sindikatu eta profesional askok ez sinatzea edo mahaitik irtetea erabaki dute. Eztabaida piztu duen puntua osasungintza publiko-pribatuaren barneko harreman hori izan da. Bateragarriak al dira osasuna eta irabazi asmoa?

Agian, mahaitik irtetea erabaki dutenen kasuan, kalkulu politikoa edo taktika politikoa dago. Mahai integratzaile baten bueltan lanean aritu gara, eta azken fasean, erabaki bat eman behar zenean, ezezko horretan errefuxiatu dira batzuk. Nik dezepzioz hartu dut.

400 profesional baino gehiagok parte hartzen duten mahai baten bueltan, segur aski, batzuek beraien proposamenak jarriko zituzten mahai gainean, eta beste batzuek haienak. Baina, azkenean, adostasunak topatzeko mahai bat da, eta horretarako, agian bakoitzak nahi duena ehuneko ehunean ez da aterako.

Beste lanetako bat izango da euskal enplegu publikoaren legearen moldaketa, hizkuntza eskubideak aintzat har daitezen. Gobernuak zer ikuspuntu dauka auzi honi buruz?

Euskara ezin da gatazka izan lan eskaintza publikoetan, eta euskara gatazka gisa erabiltzeak asko arduratzen gaitu. 1982an normalizazio legea martxan jarri zenetik orain arte, euskarak ibilbide bat izan du administrazioaren barruan. Hainbat hamarkadatan egon ez diren arazoak piztu dira azken boladan. Horrek guri kezka eragiten digu. Beraz, ikusi egin beharko da alderdi politikoen proposamenek segurtasun juridikoaren ikuspuntutik zer-nolako hobekuntzak ekartzen dituzten eta nola saiatzen diren euskara hizkuntza-eskakizun bezala eskaintza publikoetan blindatzen. Hor, tentuz ibili behar gara eta oso ondo aztertu behar da proposamenek beteko ote duten bilatzen duten helburua. Bi proposamen daude eta irailetik aurrera hasiko dute Legebiltzarrean ibilbidea.

Alderdi politiko ezberdinen artean eztabaida pizten duen gaia da hau. Ikusi dugu PSEk posizio propio bat ere badaukala. Horrek eragina izan du Gobernu barnean?

Ez du eraginik izan; izan ere, guk Gobernu gisa badaukagu adostua dagoen programa bat, eta horri asko begiratzen diogu. Kasu honetan, programaren 44. atalean jasota daukagu administrazio publikoak bi hizkuntzetan eman beharko duela zerbitzua, eta hori horrela izan dadin lan egingo dugula. Beraz, lasai gaude.

Koldo auziak eta Santos Cerdanen espetxeratzeak ikasturtearen amaiera hartu dute. Gurera ekarriz, Lakuako Gobernuak bost esleipen egin zizkion Acciona enpresari. Zer egin beharko litzateke ustelkeria auzi hauetan lotura duten enpresekin?

Gardentasunez jokatzea ezinbestekoa da, eta horregatik, Jaurlaritzan 10 urteko bueltan egin diren esleipenak berrikusi egin nahi ditugu. Momentu honetan gure Ogasun saila ari da lan hori egiten, eta Legebiltzarrak egiten dizkigun informazio eskakizun guztiei erantzungo diegu, gardentasun osoz eta azalpen gehienak emanez.

Zer gertatu zaio euskal industriari? Nolatan bihurtu da azken urteetan kezka sortzen duen sektorea?

Gure industria zaindu beharreko altxorra da, eta are gehiago egungo egoera geopolitikoa kontuan hartuta. Prest egon behar gara etorkizunari aurre egiteko. Momentu honetan Europan erabaki garrantzitsuak hartuko dira, eta Euskadi erabaki garrantzitsu horietan egotea beharrezkoa da. Badauzkagu kapazitatea eta ekosistema indartsu bat eremu horretan, eta erabakigarriak izan gaitezke. Hortaz, kezkatuta baino, prestatuta egon behar gara. Etorkizunean aukerak ikusten ditugu eta aukera horiek baliatu behar ditugu. Ezin dugu trena galdu.