GARA Euskal Herriko egunkaria

Laserrek Behoteguyren aurkako «jarrera suntsitzailea» deitoratu du

Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako presidentea «asaldatuta» azaldu zen atzo, Euskararen Erakunde Publikoak bizi duen krisiaren harira Euskal Konfederazioak bezperan egin zuen adierazpenagatik. EEPko buru Maider Behoteguyri babesa adierazi zion.

Ehun bat herritar elkartu ziren astelehenean departamenduaren egoitzaren aitzinean, Euskal Konfederazioak deituta. (Guillaume FAUVEAU)

Jean-Jacques Lasserrek agerraldia egin zuen atzo Baionan, bezperan Pirinio Atlantikoetako departamenduaren egoitzaren aitzinean Euskal Konfederazioak eginiko protestari eta adierazpenari erantzuteko. Hain justu, “Euskarari trufarik ez!” lelopean antolaturiko elkarretaratzearen ondotik, Peio Jorajuriak agiria irakurri zuen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) bizi duen krisiari buruz Euskal Konfederazioak egiten duen irakurketaren berri emateko.

Hizkuntza politikak ausardia eta baliabideak behar dituela aldarrikatuta, EEPk kudeatzen duen buxetaren %65 emendatu behar dela berretsi zuen Konfederazioak. Hala, kide bakoitzari -Estatua, Euskal Hirigune Elkargoa, Akitania Berriko Eskualdea eta Pirinio Atlantikoetako Departamendua- 650.000 euro gehiago emateko eskatu zien berriz.

Hala, Elkargoa alde batera utzita, beste kideak bide hori jorratzeko prest agertu ez direlako kexu azaldu zen. Gainera, EEPren azken biltzar nagusian, bere ekarpena gehienez 100.000 euroraino igoko zuela baieztatu zuen Estatuak. Gauzak horrela, «berak ordezkatzen duen departamendua jukutriaz aritu bada», berehala dimisioa eman dezala galdegin zion Maider Behoteguy EEPko buru eta kontseilariari.

«BAKE SOZIALAREN AURKA»

Bada, agerraldi horretan esandakoekin «asaldatuta» dago Lasserre. Bere esanetan, «bake sozialaren kontrako jarrera suntsitzailea» agertu zuten bezperan. Eta, bide batez, «euskararen instrumentalizazio politikoa» deitoratu zuen.

Estatuarekin azpijokoan aritu izana gezurtatu ondoren, departamenduak EEPri egiten dion ekarpena (860.000 euro) izozteko erabakia defendatu zuen Lasserrek, «lehentasun sozialak lehenestea asumitzen dugulako».

Herriko etxeetako eta Euskal Elkargoko agintariak berritzeko heldu den urtean iraganen diren hauteskundeekin lotu zituen euskarari buruz eta bilakaera instituzionalari buruz berpizturiko aldarrikapenak. Eta Jorajuria eta Frederique Espagnac PSko senatari eta kontseilaria jo zituen «estrategia suntsitzaile» horren erantzule nagusitzat.

Behoteguyri eginiko kritiken aurrean, «konfiantza eta estimu osoa» berretsi zizkion: «Departamenduaren izenean, Maider Behoteguyren seriotasuna defendatzen dut. Bagenekien bere misioa zaila izanen zela, baina asaldatzen nau ematen zaion tratamenduak».

Lasserrek eztabaida lasaitzeko deia egin zuen irtenbideak xerkatze aldera, baina argi utziz euskarari egokitutako buxetari dagokionez departamenduak harturiko erabakia irmoa dela.