2025 UZT. 10 Elkarrizketa bertol arrieta Idazlea «Irakurri nahiko nituzkeen ipuinak idatzi ditut» «Diesel» (Alberdania) ipuin liburua argitaratu du Bertol Arrietak (Zarautz 1975). Bizitzaren ekuatorea gurutzatu duten pertsonaia trakets bezain maitagarriak aurkezten dizkigu bertan, ironia, sarkasmo eta surrealismo koktel batekin, dekadentziak ere distira baduela erakutsiz. (Gorka RUBIO | FOKU) OIHANA AZKUE DONOSTIA Zazpi ipuin jaso ditu Bertol Arrietak ‘‘Diesel’’ izenburupean. Ipuin bakoitza bakarra eta desberdina da, baina bada guztiak harilkatzen dituen ezaugarri bat: pertsonaiak “diesel jendea” dira. Biniloaren B aldea entzuten ari den jendea da, bizitzaren bigarren erdia bizitzen ari dena. Harremanek iragan handi bat dute. Egunerokoaren baitan murgilduta dagoen jendea da. Drama handirik gabe bizi dena. Bizitzera ohitu den jendea. Pertsonaien diesel izaera hori propio bilatutakoa da? Ipuinak banan-banan idatzi nituenean ez nuen egin zazpiak lotzeko helburu jakin batekin, nahiz eta gero bilatu daitezkeen lotura horiek. Bulkadei jarraika, nire instintuari jarraituz eta intuizioz sortu ditut ipuinak. Diesel kontzeptua gerora bilatutako zerbait izan da, nolabait ipuinetan agertzen diren pertsonaiak nolakoak diren hausnartu eta gero. Bulkadei erantzunez lan egitea ere ez da erraza... Ikasketaz informatikaria naiz. Informatikan erakusten dizute dena ondo planifikatuta izaten eta horri kontra egiteagatik ere bada. Lagun margolari batek esaten dit berak horrela margotzen duela, batere pentsatu gabe, inpultsoei jarraituz. Idazterakoan hori ezinezkoa dela dio, esaldi bat egite hutsa dagoeneko arrazionalagoa delako. Kasu honetan saiatu naiz abiapuntu bat hartu eta pixka bat, gehiegi pentsatu gabe, intuizio horri jarraika idazten eta gorputzak agintzen zidanari idazten. Nahiz eta nahi gabe zeure burua lanean ari den eta aurrez landutako egiturak, aurrez landutako liburuak, aurrez ikusitako pelikulak, hor dauzkazun eta agertu egiten diren. Zazpi ipuin, bakoitza bere moldekoa. Baina badaude lerro batzuk guztiak zeharkatzen dituztenak... Badaude hor gaiak ni kezkatzen nautenak edo mugiarazten nautenak, betidanik erabili ditudanak idazterakoan. Bikote harremanak, maitasuna, heriotza, bizitza bera, bizitzaren nolabaiteko absurdoa, bizitzaren ziurgabetasuna edo kaos sentimendu hori, bat-batean gauza txiki batek dena goitik behera mugitzea... Eta gero, hor umorea ere ikusten dut: batzuetan sarkastikoa, ironikoa, baina zenbaitetan baita surrealista samarra ere. Nabarmena da zinemaren eragina ere. Oso zinemazalea naiz eta zortea izan dut zinema munduko jendea ezagutzekoa eta haien lagun izatekoa. Norbait daukazunean zerbaitetan aditua dena eta haren aholkuei jarraiki pelikulak ikusten hasten zarenean, beste dimentsio bat ezagutzen duzu. Nik zorte hori izan nuen Iñigo Salaberria orain dela pare bat urte hil zen lagunarekin. Berak zineman zegoen guztia ikusita zeukan, eta hark gidatuta zinema berriz deskubritu nuen. Badago ipuin bat berari dedikatua, zinemaz blai dagoen ipuina. Hor sartzen ditut bere aholkuak, iritziak-eta, nahiz eta istorioa guztiz fikziozkoa den. Aki Kaurismakiri ere ipuin bat eskaintzen diot. Kaurismakiren pelikula batean agertzen da pertsonaia bat tabernan piña batekin. Pelikula ez da bere lanetatik gehien gustatzen zaidana, baina eszena hori iltzatuta geratu zitzaidan. Eta ipuin bat idazten ari nintzela, bat-batean pertsonaia bat meloi batekin poteatzen ari dela konturatzen da. Hor ikusi nuen nabarmena zela Aki Kaurismakiren eragina eta horregatik bere zita bat jarri nuen ipuinaren hasieran, omenaldi gisa. Zure idazteko modua ere oso zinematografikoa da. Hori esan izan didate. Horrela ateratzen zait. Pertsonaien barne gogoetak erakustea baino gehiago gustatzen zait pertsonaiek egiten dutena erakustea. Pertsonaiak deskribatzea beraien ekintzen bidez, eta ez nik deskribatzen ditudalako. Eta hala dira. Pertsonaiak nolakoak diren ikusiko duzu egiten dutenaren arabera, irakurriko duzulako zer den pertsonaia horrek egiten duena eta zer jarrera hartzen duen egoera baten eta bestearen aurrean. Eta, bai, nik uste dut hori zinemarekin oso lotuta dagoela. Irakurleak pertsonaia nolakoa den ikusiko du egiten duen horren baitan eta irakurleak epaituko du nahi badu, edo ez. Zuk distantzia batetik aurkezten dizkiguzu. Oso garbi daukadan gauza bat da pertsonaiak ez epaitzea, jartzea beren egoeretan eta ikustea nola erreakzionatzen duten juizio moralik eman gabe. Eta pertsonaiak liburu honetan nolabait inperfektuak dira. Esango nuke inperfektuak izateaz gain, inperfekzio horretan nolabait edertasuna topatzen dudala, bilatzen dudala. Esan nahi dudana da pertsonaiak beren kaxkarrean, pertsonaiak bere onenean ez daudela ere, nolabaiteko ikuspegi amultsu bat edo erakusten dudala. Nik uste dut ez epaitzeaz, ez bakarrik ez epaitzeaz, baizik eta pertsonak gure txarrean maitatzeari buruz ere ari naizela. Zer eskaintzen dizu genero bezala ipuinak? Irakurle bezala ere ipuinzalea naiz, eta ez dakit zergatik, ez dakit ondo esaten. Ipuinetan nolabait iruditzen zait gauza gutxirekin asko esaten dela. Nobela asko luze geratzen zaizkit. Sobran ikusten ditut gauzak. Ipuin on bat irakurtzen duzunean... ez dakit, xarma edo magia daukan zerbait, horrela, motza topatzen duzunean, bizitza osoa hain gauza gutxitan laburbilduta batzen duena... Idazterakoan uste dut ondoen moldatzen naizen generoa dela. Beharbada, sintesirako daukadan gaitasunagatik izango da... Aipatu duzu pertsonaiek iragan pisutsu bat, motxila bat, dutela. Motxila, batzuetan, ondo etortzen da, behar duzuna hor izan dezakezulako, baina beste batzuetan astuna ere egiten da. Azkenean, adin bat daukagun guztiok esango nuke badugula motxila hori. Eta ze ederra! Horrek esan nahi du bizi egin zarela. 40 urte pasa eta motxilarik ez duenak zer egin du 40 urtetan? Orduan, bai, badago zama hori eta badago etsipena eta badago nostalgia eta badago monotonia puntu bat. Hori guztia dago. Baina badago baita bizitza zeinen ederra den ere. Azken batean, liburuaren tonua baikorra da, kontraesana dirudien arren... Aritz Galarraga editorearekin hizketan ari ginela justu kontrazalerako testua prestatzeko berak hori esan zidan: bakardadea dago, mendeku nahia, erruduntasun sentsazioa, gaixotasuna, heriotza... Eta, hala ere, liburu bitalista bat da. Nik uste dut badagoela bizitzeko nahi bat, bizitzeko poz bat, edo bizitzeko poz horri jarraika bizitzeko nahia. Zuk ere idazle gisa baduzu zure motxila hori. Nola daramazu? Lagungarri zait. Azkenean, liburu bakoitzarekin ikasten duzu; batetik, zuk zeuk zeure buruari jartzen diozun autoexijentzia handitzen doalako eta, bestetik, editoreek emandako laguntzarengatik. Nik suertea izan dut hainbat argitaletxetan argitaratu dudalako. Lehen liburua Ereinen argitaratu nuen, bigarrena Susan, eta gero Elkarren, Txalapartan eta, azkenik, Alberdanian. Editore batzuk pasa ditut. Editore bakoitzak bere ikuspuntua dauka eta ondo dago ikuspegi desberdin horietatik guztietatik ikasteko aukera izatea. Eta gero zuk zurea, noski. Guztiek jokatu dute beti errespetuz eta azken hitza neuri utzita. Baina, bai, azkenean hau ikasketa prozesu bezala ikusten dut eta ez dakit ona edo txarra, baina 20 urte hauetan egindakoak nire nolabaiteko idazle motxilan sartzen joan naiz eta, gero, horiek erabiltzeko modua pixkanaka aldatuz doa. Asko aldatu da zure idazteko modua? Aldatu da idazteko modua: lehen ipuin liburuan, ipuin bat idatzi aurretik ipuin horren eskema guztia idatzita neukan. Nolabait, idazten hasi aurretik baneukan hasieratik bukaerara zer gertatuko zen ipuin horretan, eta orain justu kontrakoa da. Orain abiapuntu bat dut, detaile bat dut, pertsonaia bat daukat, zerbait daukat, huskeria bat daukat eta horrekin abiatzen naiz kasik-kasik inprobisatuz. Eta prozesua askoz ederragoa da. Gero emaitza, ez dakit. Niri gehiago gustatzen zait gaur egungoa. Bertsolariek ere inprobisatzean aurretik kristoren lana eginda izaten dute. Hemen ere berdintsua da. Ez dut esango ipuin bat idazten dudan bakoitzean inprobisatzen ari naizenik, baina libreago aritzeko modua daukat ikasketa prozesu honi esker. Idatzi nahi duzun hori idatzi nahi duzun bezala idatzi duzu? Edo baduzu halako zama bat, idazten duzun horrek gustagarria izan behar duela edo halako irakurlearengana iristea nahiko zenukeela? Ez, ez. Idazterakoan saiatzen naiz guztiz libre izaten eta ez pentsatzen ez irakurleengan, ez editorearengan, ez prentsan, ez kritikan, ez inorengan. Nik irakurri nahiko nituzkeen ipuinak idazten ditut. Gero, argitaratzeko orduan, bai, eskrupulosoagoa naiz. Batzuetan agertzen dira jendeak kontatu izan dizkidan gauzak eta saiatzen naiz horietan inor ez mintzen. Baina, bestela, niretzat idaztea askatasun ariketa bat da, eta horrela ez balitz, ba ez nuke disfrutatuko, ezta? Azaleko argazkia ere zurea da. Hiru ipuin-liburu argitaratu dizkidate eta hiruretan azala nirea da. Argazkilaritza ere asko gustatu izan zait betidanik. Liburuaren bukaera aldean-edo geundela gasolindegi hau ikusi nuen Lesakara ikastetxe batera nindoala. Argazkia atera, eta koloreak kendu eta jarri ibili nintzen eta, bueno, nik uste dut dotore geratu dela izenburuarekin lotuta. INTUIZIOZ«Saiatu naiz abiapuntu bat hartu eta gehiegi pentsatu gabe intuizio horri jarraika idazten eta gorputzak agintzen zidanari idazten» EKINTZA«Pertsonaien barne gogoetak erakustea baino gehiago gustatzen zait pertsonaiek egiten dutena erakustea. Pertsonaiak beraien ekintzen bidez deskribatzea» BIZITZEA«Adin bat daukagun guztiok badugu motxila bat. Eta ze ederra! Horrek esan nahi du bizi egin zarela. 40 urte pasa eta motxilarik ez duenak zer egin du 40 urtetan?»