GARA Euskal Herriko egunkaria

Eskumuturrekoa iazko prezioan saldu dute, inflazioa apalduta ere

Lehen bi egunak doakoak izan badira ere, atzotik bestetako perimetroan sartzeko ordaindu egin behar dute bisitariek. Iaz eskumuturrekoaren prezioa 15 euroraino igo zen, inflazio altuaren aitzakiaz. Inflazioa apaldu bada ere, prezio hori atxiki du udalak.

Besten hirugarren eguna. (Guillaume FAUVEAU)

Iazko maiatzean hartu zuen deliberoa Baionako Herriko Etxeak. Ostiraletik igandera bitartean Baionako Bestetan ezarritako perimetro hetsian sartzeko beharrezkoa den eskumuturrekoaren prezioa bi euro emendatzea erabaki zuen tokiko erakundeak, 12 eurotik 15 eurora pasatuz.

%20ko igoera hori ezartzeko, arrazoi zehatza eman zuen udalak: inflazioaren ondorioak.

«Inflazioaren ondorioengatik», igoera behartua zela azaldu zuen Jean-Rene Etchegaray buru duen erakundeak. Egutegiari beha, besten azken egunak frantziar Estatuko besta nazionalarekin, uztailaren 14arekin, bat egin zuen 2024an.

Auzapezak azaldu zuenez, langileei ordainsari osagarriak ordaindu behar zitzaizkien eta horrek, oro har, bereziki segurtasun dispositiboari zegokionez, gainkostua sortu zuen.

Zentro-eskuineko gehiengoak prezio igoeraren alde bozkatu bazuen ere, Henri Etcheto sozialista buru duen Bayonne Ville Ouverte udal taldea eta Mixel Esteban hautetsi ekologista kontra azaldu ziren. Aurten, uztailaren 14ko besta egun ofiziala ez da bat etorri Baionako Bestekin. Inflazioari dagokionez, herri kontseilariek eskumuturrekoaren prezioa igotzea erabaki zutenean, 2024an, urteko inflazioa %2,3koa zen frantziar Estatuan. Alta, aurtengo ekainean, %0,8koa zen, eta, aurreikuspen guzien arabera, %1eko langaren pean hetsiko du urtea.

Lehengo lepotik burua, Baionan erroldatu gabekoen artean, 16 urte baino gehiagoko bisitariek 15 euro ordainduko dituzte aurten ere bestetako perimetrorako atea zabaltzen duen eskumuturrekoa lortzeko.

BUXETAREN OREKA

Olinpiar Jokoak tartean, bestazale kopurua batez beste %15-20 apaldu zen iaz, Baionako Herriko Etxeak emandako datuen arabera. Udal agintariek azaldu zuten milioi bat pertsona inguru batu zirela «tokiko giroa berreskuratzeko» norabidea markatu duten bestetara.

4,2 milioi inguruko aurrekontua kudeatzen du besta batzordeak. Zatirik handiena (1,5 milioi inguru) segurtasun dispositiboa ordaintzera bideratzen da -milatik gora uniformedun aritzen dira egunero -.

2018. urteaz geroztik Baiona kanpotik heltzen diren bisitariek besta gunera sartzeko ordaintzen duten dirutza baitezpadakoa da, udalaren arabera, buxetaren oreka bermatzeko. 2023ko edizioan 240.000 eskumuturreko saldu ziren (12 euroan). Horri esker, 2,8 milioi eskuratu zituen tokiko erakundeak.