GARA Euskal Herriko egunkaria
SEXU-PREDATZAILEAREN ITZALA

Epstein auzia ez da baretzen, eta sorgin-ehiza dela dio Trumpek

Jeffrey Epsteinen itzaletik aldentzeko ahalegin guztiak eginda ere, Donald Trumpek ez du gaia itzaltzea lortu. Ez dirudi AEBko presidenteari berehalakoan baretuko zaionik presio hori, nahiz eta Etxe Zurian Justizia Sailak eta Kongresuan gehiengoa daukaten errepublikanoek gaitik urruntzen laguntzeko ahaleginak egin.

Donald Trumpek «sorgin-ehiza» salatu du. Atentzioa desbideratzeko saiakera da. (CONTACTO -DPA | EUROPA PRESS)

Bi aste baino gehiago dira Washingtoneko korridoreetako ia eztabaidagai bakarra hau dena: AEBko presidenteak Jeffrey Epstein sexu-predatzailearekin zuen harremana, adiskide minak baitziren. 2019an espetxean bere buruaz beste eginda (betiere bertsio ofizialaren arabera) hil zen finantza-gizona, eta umeen bortxatzaile zena lau hamarkadatan ezagutu zuen Donald Trumpek eta lagun hurko izan zuen 20 urtez gutxienez. Egungo Etxe Zuriko maizterrak bereak eta bi egin ditu gaiaren inguruko arreta apaldu dadin, baina aferak ez du itxura onik beretzat. Atzo, Trumpek «sorgin-ehiza» zela salatu zuen, eta, gaia desbideratzeko saiakeran, Barack Obamaren aurka jo zuen, 2016ko hauteskundeetan Errusiako interferentziari buruzko datuak fabrikatu izana egotziz.

Gogoan izan behar da nor zen Epstein: Manhattaneko luxuaren eredu, finantza-gizon aberatsa izana, emakumeen eta neskato adingabeen aurkako bortxaketengatik eta sexu-trafikoagatik kondenatu zuten. Hasiera batean, 2008an, akordioa lortu zuen fiskal federalarekin, hamahiru hilabeteko espetxe-zigor malgua jaso zuen, egunean 12 orduz askatasunean, astean sei egunez. Handik hamarkada batera, ‘‘Miami Herald’’-eko ikerketa batek Epsteinek eta bere kide batzuek egindako krimenen biktima ugari aurkitu zituen. Hurrengo urtean, beste auzibide federal bat aurkeztu zen, eta Epstein berriz atxilotu zuten. Hilabetera hilik agertu zen New Yorkeko espetxeko ziegan.

Klase sozial goreneko pertsona ospetsuenekin zeukan harremana Epsteinek, eta bere auziko dokumentuak Hollywoodeko eta ekonomia eta politikako izen ezagun ugarirekin lotu izan dira. Trumpek hauspotu eta haren inguruan eraikitako MAGA mugimenduaren barruan oso ohikoak dira konspirazioak; clintondarrak jomugan jarrita, esaterako. Hala, guztiz sinetsita daude Epsteinek zerbitzatzen zituen pertsona garrantzitsuen zerrenda sekretu bat dagoela, Gobernu federalaren estatu sakonak babestua.

Bistan da, estatu sakon hori, MAGAkoen iritziz, haien eta Trumpen mugimendua gorroto duten agentez osatuta dago. Orain boterea lortu du Trumpek, horratik. Joan den otsailean, Pam Bondi fiskal nagusiak esan zuen Epsteinen bezeroen zerrenda bat «nire lan-mahaian dago azterketarako prest», hau da, aurki argitara emateko prest zegoela zirudien.

Halako batean, baina, zerrenda «galdu» egin da, desagertu. Ez omen dago zerrendarik, Justizia Sailak esandakoaren arabera. Epsteinek bere buruaz beste egin zuela dio, ez zuela inork isilarazi, eta Trumpek ere presa erakutsi zuen gaia atzean utzi eta ahantz zedin. «Inori axola ez zaion» norbait omen zen Epstein, Trumpen arabera, urteetan adiskide onena izan zuen Epstein bera.

GANBERA ITXI

MAGA bere mugimendua ere aztoratu zaio Trumpi; izan ere, urteak daramatzate Epsteinen aferan Justizia Sailak isilpean dituen agiriak argitaratzeko eskatzen. Urteetan elikatu duen konspirazioan aztertzeko ezer ez dagoela eta beste gai bati heltzeko esan die presidenteak, baina jarraitzaileak ez daude prest -aurkariak ere ez, bistan da; demokratak dira orain zerrenda argitaratzea eskatzen duten lehenak-.

«Oraindik ere Epsteini buruz?», kargu hartu zien duela bi aste Trumpek kazetariei prentsaurreko batean. Alboan zeukan Pam Bondi Justizia idazkaria, beti bezala presidentea babesteko, baita Justizia Saila erabat bihurritzea badakar ere: «Bere buruaz beste egin zuen», erantsi zuen Bondik. Bezperan bere sailak argitaratutakoaren arabera, «ez litzateke egokia edo justifikatua ezer gehiago ateratzea argitara». MAGAk ez du irentsi, Bondi bera etsai bihurtzeraino.

Egoera hain bihurtu zaie kezkagarri, ezen Mike Johnson Kongresuko Ordezkarien Ganberako buruak oporrak aurreratzea erabaki baitu. Ostiralean egitekoa zen udako etenaren aurreko azken saioa, eta bitartean Ganberak zabalik behar zuen. Baina demokratek Epsteinen paperei buruzko testu bat bozketara eramateko asmoa zeukaten. Gutxiengoan dauden arren, errepublikano batek baino gehiagok ez du argi nola jokatu. Presidenteak eta alderdiak Gobernuaren jarduna babesteko eskatu arren, badakite botoa eman dioten oinarriak, MAGAko eskuin muturrekoak horietako asko, ez daudela ados. Hala, kongresukide errepublikanoak ataka horretan egonik, eta gehiengoa hain txikia izanik, gaia Trumpen Administrazioarentzat arriskutsua izan zitekeela iritzi dio Johnsonek. Konponbidea: balizko bozketa baino lehen Kongresuko behe-ganbera ixtea erabaki du, eta gaur bertan bidaliko ditu kongresukideak oporretara, ostiral arte itxaron gabe.

Hori baino lehen, alabaina, Ordezkarien Ganberako ikuskatze batzordeak Ghislaine Maxwell deitzearen alde bozkatu du aho batez. Maxwell urte luzez izan zen Epsteinen lankide eta sexu delituengatik dago preso. «Aurrerapausoa da. Ez dugu etsiko Epsteinen agiriak argitaratzen diren arte. Estatubatuarrek egia ezagutzea eragozteari utzi behar diote Trumpek eta Bondik», adierazi zuten Kongresuko demokratek. Lehendik ere hala egiteko iradoki zuen Epsteinen abokatu izandako Alan Dershowitz-ek. «[Maxwellek] dena daki. Kasuaren Rosetta harria da. Berak antolatu zuten bidaia bakoitza, denei antolatu zien, dena daki».

PRENTSAREN AURKA

Izan ere, Trump oso ohituta dagoen polemikak baino arantzatsuagoa da hau. Orain arte, hasieran errepublikano askok eta MAGAko kideek kritikak eta espantuak eginda ere, azkenean apaltzea lortu izan du Trumpek. Kasu honetan, baina, Trumpek uste zuenean beste batzuetan bezala hipokrisiak gaiaren albiste-zikloa amaituko zuela , ‘‘Wall Street Journal’’-ek -Rupert Murdoch handiki milioidunaren egunkari ez bereziki ezkertiarra, ez ahaztu- 2003an Epsteini idatzitako gutun baten berri eman zuen.

Zehazki, gutun horren deskribapena zekarren WSJk, zatien aipuak eginez baina eskutitza bera argitaratu gabe. Gutunak emakume biluzi baten marrazkia dauka, eta pubiseko biloaren lekuan Trumpen sinadura dakar. Emakumearen irudi horren gorputzean, elkarrizketa imajinario bat idatzi zuen Trumpek. Elkarren lagun hurko diren bi gizonen arteko solasaldia da, haien sexu-apeta eta joerak azalduz, biek ezagutzen dituzten sekretuen gorazarre eginez.

SEKRETUAK

«Bizitzan dena edukitzea baino zerbait gehiago egongo da», hasten du balizko solasaldia ahots batek, eta «bai, badago, baina ez dizut esango zer den», dio Trumpek (berak idatzitako elkarrizketan bere burua hirugarren pertsonan sartuz), «ezta nik ere, neronek ere badakidanez zer den», jarraitzen du Epsteinek. «Baditugu zenbait enigma komunean», diotso Trumpek jarraian; «enigmak ez dira zahartzen, ohartu zara?», Epsteinek: «Izan ere, argi geratu zitzaidan ikusi zintudan azken aldian». Eta solasaldia ixten duen esaldia: «Lagun bat gauza zoragarria da. Zorionak eta egun bakoitza izan bedi beste sekretu zoragarri bat». Gaur egunetik irakurrita, Epsteinen izaera ezagututa neska adingabeen predatzaile gisa, Trumpen eta haren arteko sekretu eta enigma horiek aipatzeak ezinbestean gerora ezagutu zen nortasun hori gogorarazten du.

Erreportajea argitaratu eta biharamunean bertan iragarri zuen Donald Trumpek salaketa jarri zuela egunkariaren aurka «difamazioagatik». Hemezortzi orrialdeko idazki batean, presidentearen abokatuek diote «kalte erraldoia» eragin diotela «finantzetan eta izen onean», eta 20.000 milioi dolar eskatzen dituzte kalte-ordainetan. Ez da presidenteak hedabide baten aurka jotzen duen lehen aldia (zer esanik ez, politikoki), baina zuzenean protagonista duen istorio bat hauspotzea ere badakar kasu honetan.

Kazetak ere berehala atera zuen oharra: «Gure erreportajeen zorroztasunean eta zehaztasunean konfiantza osoa dugu, eta edozein auziren aurrean indartsu defendatuko gara». Are gehiago, auziak aurrera egingo balu, WSJk Justizia Sailak isilpean gordetako materiala ikuskatzeko aukera izango luke, argitaratutakoa egia ala gezurra den egiaztatzeko. Oraingoz, auzibideaz gain, Trumpek ohiko duen era mendekarian erreakzionatu du, eta Eskoziara egitear den bidaiatik kanpo utzi du ‘‘Wall Street Journal’’.

Trump amorratuta dago, kosta ahala kosta, Epsteinen istorioak piztutako ekaitza behingoan baretu eta atertuko zuen itxaropena baitzeukan. Izan ere, Trumpek eta MAGA mugimenduak ekarri duten AEBko politika sektarioan ez zaie askorik axola lubakiaren beste aldetik etor litezkeen erasoak eta salaketak. Ageri-ageriko ustelkeriak ere nekez higatu du Etxe Zuria, MAGAko jarraitzaile itsuen eta Trumpen menpe lerro ofizialetik hitz erdirik urruntzen ausartzen ez diren administrazioko kideen artean. Kasu honetan, baina, MAGA mugimendua bera izan da egoera salatu duena.

‘‘New York Times’’-ek jaso du zein eratan egon litekeen Donald Trump Epsteinen paperetan. Maria Farmer izeneko Epsteinen langile ohi batek bere nagusia salatu zuen, hark eta Ghislaine Maxwellek sexualki eraso ziotela-eta. 1996an mintzatu zen FBIrekin, eta berriz ere hamar urte beranduago Annie ahizparekin batera, eta sexu-predatzailearen inguruko zirkulua ikertzeko ere eskatu zien federalei, Trump bera horien artean.

Annie Farmerrek BBCrekin hitz egin du asteon, eta isilpean dagoen informazioa argitaratzeko eskatu dio «ezkutatzekorik ez baldin badaukate». Trump presidentearen jarrerarekin eta MAGA mugimenduan piztu den egoerarekin nekatuta dagoela dio kasuko lekuko garrantzitsuenetakoak, eta aitortzen du jarrera politikoki erabiltzen ari dela. «Baina horrek ez du esan nahi krimen haiek gertatu ez zirenik. Biktima horiek benetakoak dira, beren bizia bizitzen jarraitu nahi dute, eta hau guztia gainera erori zaien zama handia da».