2025 UZT. 25 Erriberatik Baztanera, goitik behera dabil festarik festa Nafarroa Tuterako eta Olaztiko santanak, Garesko santiagoak, eta Elizondoko bestak ekitaldi dibertigarriz beterik datoz. Entzierroak eta erraldoiak ez dira faltako, baina horiez gain, arte eszenikoen proposamen interesgarriak ere badituzte euren egitarauetan gordeta. Adibidez, Olatzagutian, igandean, «Historiaurrera bidaia» tailerra egingo dute Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik; goizean, eta gauean, berriz, inprobisaziozko antzerki saioa egongo da. Lehenbiziko eta laugarren argazkiak Olatzagutiko atzoko txupinazokoak dira. (Aitor KARASATORRE | FOKU) GARA IRUÑEA Erriberatik, Baztanera, Sakanatik pasatuz, Nafarroa osora begira jarri gara oraingoan Tutera, Gares, Olatzaguti eta Elizondoko jaiak aurkezteko. Tuterako Santa Ana jaiak atzo hasi ziren, eguerdian puntuan bota zuten etxafuegoarekin, Beterri peñak antolatutako kalejiraren ostean. Gero, peña bakoitzak bere txupinazoa egin zuen, festa bereziekin. Plazan, berriz, haurrentzako jolasak izan ziren egun osoan. Gauean, orkestrarekin dantzaldia egon zen. Eguneroko eskema antzekoa izango da eta beti egongo dira denon gustuetarako aukerak: peñek antolatutako txarangak, jotak, txistulariak, erromeriak, jolasak eta festak, ur parkea, larrain dantza, dantza emanaldiak, hamarretakoak, umore saioak, elikagai artisauen azoka, herri kirolak, esku pilota, holi festa eta gaueko musika emanaldi eta kontzertuak. Horiez gain, Euskal Herri osoan baina batez ere Nafarroan txikiek hainbeste maite dituzten erraldoiek ere izango dute euren lekua. Izan ere, egunero aterako dira kalera. Berebiziko garrantzia izango du igandean ospatuko duten “Navarra, tierra de gigantes” topaketaren 50. edizioak. Urtero Tuterako amona eta aitona bati omenaldia egiten diete peñek. Aurtengoan Vicente Aguado eta Consuelo Gomez Miguel “Anuska” izango dira sarituak. Euren omenaldi txikien ostean, -aitonarena gaur eta amonarena igandean- jotak eskainiko dituzte. Anuskak 78 urte ditu eta jostailu denda bat izan zuen, garaiko haurrengan oroimen ederrak sortu zituena. Aguadok, berriz, 83 urte ditu eta 12 urterekin Tuterara iritsi zenetik (Murchantekoa da berez) bertako gizartearen parte garrantzitsua izan da. Uztailaren 24tik 29ra ospatuko dira Garesko Santiago jaiak. Astebetean barrena herria musikaren erritmoan bizi da, bigantxa entzierro, dantzaldi eta haur, gazte eta helduentzako ikustaldiez lagundurik. Atzo, txupinazoa botatzeko ohorea Emilio Arrieta Abesbatzari egokitu zitzaion, 40 urteko ibilbideari aitortza eginez: «Herrira kultura eta musika eramateagatik, belaunaldiak batzeagatik eta kantua topagune bihurtzeagatik. Abesbatza-musikak artea ez ezik komunitatea ere badela erakusten duen adibide bikaina. Zorionak eta eskerrik asko!», adierazi zuen Itziar Imaz Artazcoz alkateak. Gaur, Donejakue eguna dela eta, goizean goiz hasiko dira ospakizunak erlijio ekitaldiekin. Eguerdian, erraldoi eta buruhandiak aterako dira. Pilota partidak eta musika elektronikoko jaialdia ere izango dira. Santa Ana egunean, larunbatean, nagusien eta haurren eguna ospatuko dute. Gaiteroek herria esnatuko dute, ondoren entzierroa has dadin. 11.00etan, haurrentzako ur zezen dibertigarria antolatu dute, eta puzgarriak ere izango dira. Nagusiei dagokienez, aperitiboa antolatu dute, eta ondoren Gaitzerdi Txarangak kontzertua emango du. Santanak ospatzen dituzte Olatzagutian ere, atzo hasi eta igandera arte. Suziria bota zuten udaletxetik 12.00etan, La Cigarra txarangak eta erraldoi eta buruhandiek lagunduta. Ekitaldi polita izan zen arratsaldean, Tutik Clownsek “Txaplin” ikuskizuna eskaini zuenean. Gaur haurrentzako jolas parkea izango da goiz eta arratsaldean, eta iluntzean Cia Banboleak zirku gala eskainiko du trapezio, kontortsionismo, ekilibrista eta malabareekin. Hurrengo egunean, berriz, deigarria da antolatu duten “Escape Carvana” ikuskizun parte hartzailea. Publikoaren ideiak ezinbestekoak izango dira karabanan sekretu ezkutuak azaleratzeko. Iluntzean Tomate Clown pailazo argentinarrak hitzik gabeko puxika ikuskizuna eskainiko du. Olatzagutiko jaiek benetan interesgarriak diren ezohiko proposamenak dituzte. Izan ere, igandean “Historiaurrera bidaia” tailerra egingo dute Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin, goizean, eta gauean, berriz, inprobisaziozko antzerki saioa egongo da. Hau da, aktoreek, publikoaren proposamenen bidez, inoiz berriro kontatuko ez diren istorioak sortuko dituzte. Nafarroan gora eginez, Baztanera iritsiz, Elizondoko bestekin topo egingo dugu. Atzo eguerdian abiatu ziren, hiru suzirirekin. Lehena Ekhi Olondriz Mitxeltorena haurrak bota zuen, jaien inguruko marrazki lehiaketako irabazleak. Bigarren eta hirugarren suziriak Benito Menni eta Francisco Joaquin Iriarte zentroetako langileek bota zituzten, haien lana txalotzeko. Gero, Baztan zopak banatu zituzten eta kalejira hasi zen. Gaur, eguerdian, mutil dantzak egingo dituzte plazan, eta horren ondoren erraldoiak aterako dira. Amaitzean, luntx herrikoia egingo dute. Mutil dantzak iluntzean errepikatuko dituzte, dantza herrikoien ostean. Larunbatean, berriz, haur eta gazte eguna ospatuko dute. MUSIKAMusika eskaintza zabala egongo da Olatzagutian: Muxutruk, Swingtronics, Broken Brothers Brass Band, Eztitan, La Txama, The Marteens, Moonshine Wagon, Joselu Anayak, Mariachi A Toda Madre, Aiko Erromeria, DJ Raizti eta Voces Riberas. TUTERATuteran urtero amona eta aitona bat omentzen dituzte peñek. Aurten Vicente Aguado eta Consuelo Gomez Miguel «Anuska» izango dira sarituak. Euren omenaldi txikien ostean, -aitonarena larunbatean eta amonarena igandean- jotak eskainiko dituzte. HERRIAREN EGUNALarunbatean haur eta gazte eguna ospatuko dute Elizondon, eta ekitaldiak lagun artean gozatzekoak dira. Igandean adinekoen eguna izango da, haien gustuetara egokitutako ekitaldiekin. Azken egunean, Herriaren Egunean, denak batzeko zikiro jana antolatu dute.