2025 UZT. 25 EUSKARA, EGOERA LARRIAN Euskaldunon aurkako «erasoaren» aurrean, 200 alkate eta eragile batuta Auzitegi Gorenak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Udal Legea garatzen zuen dekretuko hainbat artikulu baliogabetu ditu, Voxen tesiak bere eginez. Berrehundik gora alkate, hautetsi eta eragilek erantzun bateratua eman zuten atzo Bilbon, epaitegiaren aitzinean. Salatu zutenez, azken hamarkadetako kontsentsua hausten du epaiak eta autogobernua nabarmen kaltetzen du. Berrehundik gora alkate eta udal hautetsi, ikurrak altxatzen, euskalgintzarekin batera, Bilboko epaitegiaren aurrean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) GARA BILBO Joan den astean, Auzitegi Goren espainolak Lakuako Gobernuaren 179/2019 Dekretuaren aurka ebatzi zuen, Vox espainiar alderdi ultraeskuindarrak jarritako helegitearen tesi gehienak bere eginez. Ondorioz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udal eta toki erakundeei herritarrekin dituzten harremanetan euskararen erabilera lehenestea ahalbidetzen dien hainbat artikulu baliogabetu dituzte, euskararen normalizazioa helburu duten beste neurri batzuekin batera. Euskararen aurkako enegarren eraso honen aurrean, erantzun bateratua eman zuten atzo berrehundik gora alkate, udal hautetsi eta euskalgintzako ordezkarik, Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren atarian. Idurre Eskisabel Larrañagak, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, irakurri zuen adierazpena. Oroitu zuenez, baliogabetutako dekretuak Gasteizko Legebiltzarrean kontsentsu handiz onartu zen 2/2016 Udal Legea garatzen du. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du jendartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa xede duten politikak. Beraz, «epai honek euskal erakundeen erabakimena eta euskal jendartearen borondatea ere jartzen ditu auzitan», azpimarratu zuen. Epai honen ondorioz, udaletan ezingo da euskara lehenetsi, ezta gaztelaniarekin batera erabiltzen denean ere. «Finean, administrazioan euskararen erabilera normalizatu nahi bada, neurri zehatzak hartu behar dira euskara gaztelaniaren parera irits dadin; hori du asmo indarrean dugun araudiak», azaldu zuen. SENTSIBILITATE EZBERDINAK Alderdi eta sentsibilitate desberdinetako lagunak elkartu ziren ekitaldian, sententzia euskal jendartearen eta euskal erakundeen «borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena» dela salatzeko. Azken hamarkadetako kontsentsua hausten duela eta autogobernua nabarmen kaltetzen duela ere gaitzetsi zuten. Han izan ziren, besteren artean, Ataun, Derio, Bermeo, Sestao, Hernani, Leioa, Arrasate, Galdakao, Bilbo, Basauri, Azpeitia, Beasain, Laudio, Elgoibar, Pasaia eta Zarauzko alkateak, UEMA eta Eudelekin batera. Baita Oion, Zamudio, Zestoa, Berriz, Plentzia, Gorliz, Oiartzun, Lazkao, Bergara, Legazpi, Abadiño, Deba, Sondika, Ibarra, Ugao-Miraballes eta Legutiokoak ere, Durangaldeko Amankomunazgoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko kideekin batera. Ez zuten huts egin Legorreta, Gatika, Asparrena, Sopela, Zaratamo, Morga, Anoeta, Gautegiz Arteaga, Getaria, Maruri-Jatabe, Zaldibar, Forua, Antzuola, Ispaster, Mendaro, Eibar, Irura, Zornotza, Zaldibia, Etxebarri, Aramaio eta Ondarroako ordezkariek ere. Alkate makilak eta uztaiak altxatu zituzten guztiek, beren gobernuaren eta euskararen alde. 30 SENTENTZIA INGURU JADA «Egoera larria da. Euskara hizkuntza gutxitua da, mendeetako debeku eta jazarpen politiken ondorioz minorizatua. Euskalgintzak, Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearekin batera, adierazi genuen euskara larrialdi egoeran dagoela eta azken ikerketek ere agerian utzi dute geldialdi eta atzeraldi baten arriskua. Bestalde, euskal erakundeak eta eragile politikoak ahalegin berezia egiten ari dira azken hilabeteotan, euskarak ofizialki lekua izan dezan europar erakundeetan», adierazi zuen Eskisabelek. Esan zuenez, hain zuzen, euskara minorizaziotik ateratzeko ekintza positiboak premiazkoen direnean ugaritu dira neurri hauen aurkako sententziak, euskararen normalizazioarekin bateragarriak ez direnak. Dela lan eskaintza publikoak baliogabetuz, dela Gasteizko Legebiltzarrak adostasun zabalez onarturiko legeen aurka eginez, dagoeneko 30 inguru dira euskal erakundeen hizkuntza politika egiteko eskumena higatzen duten sententziak. «AURRERA EGITEKO GARAIA» Horren guztiaren aitzinean, batasunetik erantzun beharra dagoela azpimarratu zuen. «Neurririk hartu ezean, oztopoak ugarituko dira euskaraz bizi nahi dugunontzat. Hizkuntza eskubideak bizitzako alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen direlako egiazko eskubide, ezin gara erasoei aurre egitera mugatu; aurrera egiteko garaia da», dei egin zuen Euskalgintzaren Kontseiluko lemazainak, 200 alkate, udal hautetsi eta euskalgintzako ordezkari baino gehiagoren babesarekin. «Segurtasun juridikoa indartu behar dugu eta beharrezko lege-aldaketarekin batera, euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dugu ahalik eta adostasun handi eta zabalenarekin herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko». Euskalgintzak eta udal ordezkariek bat eginik, euskararen erabilerak dagokion lekua behar duela berretsi zuten, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak sustatzeko konpromisoa hartu zuten. «Euskara behar dugu eta euskarak behar gaitu. Euskara baita gure hizkuntza, euskaldun egiten gaituena. Bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko. Pizkunde berri baten aroari bide emateko», nabarmendu zuten ekitaldi jendetsuan. NEURRIAK«Neurririk hartu ezean, oztopoak ugarituko dira euskaraz bizi nahi dugunontzat. Hizkuntza eskubideak bizitzako alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen direlako egiazko eskubide», adierazi zuten. BATERAEZINAKEsan zutenez, hain zuzen, euskara minorizaziotik ateratzeko ekintza positiboak premiazkoen direnean ugaritu dira neurri hauen aurkako sententziak, euskararen normalizazioarekin bateragarriak ez direnak.