GARA Euskal Herriko egunkaria

Ertzaintzaren eta Zupiriaren aurkako pintadak agertu dira Hernanin


Hernaniko frontoian eta inguruetan zenbait pintada egin zituzten atzo, Ertzaintzaren eta Lakuako Gobernuko Segurtasun sailburua den Bingen Zupiriaren kontra. Mezuetan espainieraz eta euskaraz idatzitako adierazpenak zeuden, tartean «Vicente Zupiria, txakurraren jabia», «mejor muertos», «ACAB» edo «Zipaio» bezalako esaldiak. Pilotalekuko pintadetan ikur naziak eta Daviden izarra marraztu zituzten.

Hernaniko alkate Xabier Lertxundik lehenbizi, sare sozialen bitartez, eta Hernaniko Udala osatzen duten talde politiko guztiek ondoren, adierazpen instituzional batean gertatutakoa gaitzetsi zuten, eta pintadak ezabatzeko agindua emanda zegoela adierazi zuten.

Ertzaintzak goizean jaso zuen abisua. Oraingoz ez da inor identifikatua izan, eta zehaztu zuten pintadak gauerdi eta goizaldearen artean egin zirela.

Gertakariak azken hilabeteetan zenbait herritan Ertzaintzaren eta gazteen artean izandako tentsioen testuinguruan jazo dira. Hernanin, Beasainen, Azpeitian edo Gasteizen Poliziaren bortizkeria salatu dute gazte eragileek eta EH Bilduk. Tentsio horiek Segurtasun Sailaren barne politika erdigunean jarri dute.