GARA Euskal Herriko egunkaria
BOISEKO JAIALDIA

Boisen haurrak euskalduntzeko eta euskal ondareari eusteko erronka

Euskal Herritik kanpo dagoen ikastola bakarra da Boisekoa. Amets bati jarraitu nahian, boluntario talde baten ekimenari esker, 1998ko urrian martxan jarri zen Boiseko Ikastola, eta geroztik bertako haurrak euskalduntzen dihardute. Ikastolako irakasle Udane Madariaga NAIZ Irratian mintzatu da.

Boiseko Ikastolako ataria. (IGARA)

Amets bati jarraituz, Boiseko Ikastola 1998ko urrian abiarazi zuten, boluntario talde baten ekimenez. Guraso talde batek, euskal ondareaz harro, haien haurrek euskaraz ikasteko xedez, Boiseko Ikastola sortu zuen, amets hori errealitate bihurtuz. Ikastolan euskaraz bakarrik hitz egiten dute, oro har. Umeak horrela euskaraz erabat murgiltzen dira, ez soilik euskaldunak diren haurrak, baita euskaldunak ez direnak ere.

27 urte igaro dira, eta urte luze hauetan haurrak euskalduntzeko erronkari ekin diote haur eskola berezi honetan. Udane Madariaga Boiseko Ikastolako irakasleak NAIZ Irratian azaldu du ekimena.

Euskal Herritik at dagoen ikastola bakarra da Boisekoa, eta hori «ekinez, eginez» lortu dutela adierazi du Madariagak. Hain zuzen ere, “ezina ekinez egina” da ikastolaren leloa, eta «ibilbide luze honen adierazle» dela azaldu du irakasleak.

Euskal jatorria duten ikasleek ez ezik, Euskal Herriarekin loturarik ez duten ikasleak ere hartzen ditu ikastolak, eta hori «lorpen handia» dela nabarmendu du Madariagak. «Lan eginez lortu dugu euskal kulturara gerturatzea, eta askotan gure kulturarekin maitemintzen dira», azpimarratu du.

Izan ere, ikasle askok ez dute euskal jatorririk edo, badute, aitaita edo amamaren baten gurasoa izan zen Euskal Herritik Estatu Batuetara migratu zuena. Horregatik, nabarmentzeko moduko lorpena da horrenbeste gurasok Boise Ikastola aukeratzea.

Ikastola sortzeko zergatiaz galdeturik, erantzun argia eman du Madariagak: «Zergatik bakarrik etxean egin, kanpoan ere egin ahal dugunean?». Izan ere, ikastola sortu zen garaian euskaldun asko zeuden Boisen, baina euskara etxeko mugen barruan itotzen zen. «Hori izan zen ikastola sortzeko arrazoia», esan du. Ikastola sortu zuten gurasoen «lan miresgarria» goraipatu du Madariagak, baita esker ona agertu ere, iruditzen zaiolako ez dela batere erraza aldi berean seme-alaben gurasoa eta irakaslea izatea.

Ikastolaren egunerokotasuna ere azaldu du irakasleak, eta horretan garrantzi handia du Patxi Ardiak. Aurten iritsi den panpina da, eta etxez etxe bidaia egiten du, haurrak eta gurasoak euskalduntzeko helburuz. Goizean goiz hasten dituzte eskolak, hots, 7.30ean, baina gurasoek 9.00etara arte eraman ditzakete umeak, eta haur bakoitzaren adin eta gaitasunetara egokitzen dute irakaskuntza. Antzeko errutina jarraitzen dutela azaldu du Madariagak, nahiz eta ez dituzten egunero ekintza berak egiten, noski, umeak berehala aspertzen baitira.

Patxi Ardiarekin ere ibiltzen dira goizaren erdi aldean. Euskal Herritik etorritako maskota da, aste bakoitzean ikasle batek edo bik etxean izaten dutena. Madariagak azaldu duenez, panpinarekin argazkiak ateratzen dituzte eta koaderno batean jasotzen dituzte haren gorabeherak eta bizipenak.

Askatasun handia dute irakasleek curriculuma ontzeko. Madariaga eskertuta dago alde horrekin, baina erronka ere badela aitortu du, «asko lagundu diguna gure gaitasunak ere are gehiago lantzen». Normalean, 10-15 minutuko dinamikak antolatzen dituztela zehaztu du, ikasleen arreta mantentzea lortzeko. Gainera, argi dauka hizkuntza bat ikasteko modurik onena hura erabiltzea dela, are gehiago umeen kasuan.

Estatu Batuen barruan oasi moduko bat da Boiseko Ikastola. Horretaz jakitun dira eta, horregatik, ingelesez irakurtzen ere irakasten diete, ikastolako sasoia amaitutakoan ikastetxe amerikar batean jarraitu beharko dutelako ikasleek haien ibilbidea: «Minimo batzuetara heltzen laguntzen zaie, bai euskaraz eta bai ingelesez, gero han arazorik izan ez dezaten».

BIGARREN EGUNA

Atzokoa bigarren eguna izan zuen Boisen euskal kulturaren bueltan egiten ari diren Jaialdiak. Zenbait ekitaldi ikusteko aukera izan zuten hara joan zirenek.

Basque Blocken, esate baterako, musika, dantzak eta janaria izan ziren eguneko protagonista nagusiak. Beste alde batetik, Boiseko State Unibertsitateak Basque Week delakoa antolatu du, eta euskal asteari atzo bertan eman zioten hastapena. Euskal Diaspora eta Kultura Adierazpenei Buruzko Nazioarteko Sinposioa prestatu dute asteazken eta ostegunaren artean, makina bat ekitaldirekin, besteak beste, mintzodromoa.