2025 ABU. 01 Iragarpen goiztiarrak Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Oraindik hilabete asko falta diren arren eta harrigarria badirudi ere, 2026ko Oscar sarietarako lehen apustuak zabaltzen hasi dira dagoeneko AEBko zenbait webgune eta komunikabidetan. Hasteko, deigarria eta pozgarria da zerrendetan lau emakume zuzendari agertzea. Celine Songek, “Past Lives” film zoragarriaren egileak, “Materialists” izeneko lana estreinatuko du. Komedia erromantiko bat izango da, Pedro Pascal, Dakota Johnson eta Chris Evans protagonista dituena. Abuztuaren 14an iritsiko da Hego Euskal Herriko aretoetara. “Nomadland” film bereziaren zuzendari Chloe Zhao-ren izena ere ageri da: “Hamnet” drama historikoa zuzendu du, Agnes (Jessie Buckley) eta William Shakespeare (Paul Mescal) senar-emazteen ingurukoa. Netflixek, berriz, Kathryn Bigelow-ren lan berria ekoitzi du: “A House of Dynamite” Rebecca Ferguson eta Idris Elba protagonista dituen filma. “Die, My Love” izango da, berriz, Lynne Ramsay zinemagilearen proposamen berria. Jennifer Lawrence eta Robert Pattinson dira protagonista eta Martin Scorsese da ekoizlea. Zerrendetan ageri diren gainerako lanak hauek dira, besteak beste: “One Battle After Another” (P.T.Anderson), “Sentimental Value” (Joachim Trier), “After the Hunt” (Luca Guadagnino) eta “Un simple accident” (Jafar Panahi ).