GARA Euskal Herriko egunkaria

Abiadura handiko sarea baztertzearen alde, Baiona eta Bordeleko alkateak

Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegarayk eta Bordeleko alkate Pierre Humic-ek gutuna idatzi diote Garraio ministro frantziarrari, Bordele eta Hendaia arteko trenbide sarea modernizatu eta abiadura handiko linearen proiektua bazter dezatela eskatzeko.

Abiadura handiko trenaren aurkako kartela, Saint Jory herrian. (Antoine BERLIOZ | Hans LUCAS)

Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegarayk eta Bordeleko auzapez Pierre Humic-ek gutuna igorri diote frantziar Garraio ministro Philippe Tabaroti, Hego-mendebaldeko Trenbide Egitasmo Handiaren (GPSO) inguruan dagoen ziurgabetasuna dela-eta beren hausnarketa helarazi eta zenbait eskaera egiteko.

Mediabaskek jasotako uztailaren 31ko datako gutunean, bi alkateok «luzaroan itxarondako eta beharrezkoa den Bordeleren eta espainiar mugaren arteko trenbide konexioaz» galdegiten diote ministroari eta, ildo horretan, abiadura handiko trenaren proiektu «garesti eta zaharkitua» baztertzeko eskatzen diote frantziar Gobernuari. Horren ordez, Bordele eta Hendaia arteko egungo trenbide sarea modernizatzearen aldeko apustua berresten dute.

«Ia hogei urtez Frantziak nahita blokeatu du beste edozein konexio modu, eta jada pasatako garai baterako abiadura handiko linea baten ilusioari eutsi dio», deitoratu dute Etchegarayk eta Humicek. Horrekin batera, gogoratu dute GPSO proiektua, 2020an 14.000 milioi euroko balioa zuena, ez zela aukeratua izan Europa Konektatu Mekanismoaren (CEF) finantzaketa jasotzeko 2024/25eko deialdian. Babes falta horrek, alkateek diotenez, ezbaian jartzen ditu Europar Batasunetik aurreikusten diren 2.800 milioi euroak, batez ere 2028aren aurretik ez dagoelako aurreikusita beste deialdirik.

TRENBIDE SAREA BERRITZEAREN ALDE

Errealitate horren aurrean, bi auzapezek Bordele eta Hendaia arteko trenbide sarea berritzearen alde egin dute, Estatu espainiarrarekin «benetako konexioa» bermatzeko. “Ambition France Transports” konferentziaren ondorioak hartzen dituzte oinarritzat hautu hori babesteko; izan ere, bertan berretsi zen trenbide sarearen egoera kritikoa dela eta inbertsio handiak eta jasangarriak behar direla berau birgaitzeko.

Europar eta espainiar legea betetzeko, Baiona eta Bordeleko agintariek azpiegitura modernizatzeko eskatzen dute, trenek orduko 220 eta 250 kilometro arteko abiadura har dezatela ahalbidetzeko. Diotenez, dagoeneko orduko 300 kilometrotik gorako abiadura errekorrak lortu dira.

INGURUMENA ERE LANDUZ

Etchegarayk eta Humicek gogoratu dute 2023an Akitania Berriko 634 hautetsik, horien artean, alkate eta parlamentariek, Bordele-Hendaia trenbidea modernizatzearen aldeko deia egin zutela. Horrez gain, Girondako sei senatarietatik bostek Europar Batzordeari idatzi zioten «klima, biodibertsitate eta lurraldeentzako kaltegarria den proiektu kolosala» salatzeko. Horren aurrean, gutunaren bi sinatzaileek argudiatzen dute trenbide sarea berritzeak zerbitzu hobea eskainiko liokeela eskualdeari, ingurumen inpaktua txikiagoa izango litzatekeela eta egitasmoa gauzatzea azkarragoa eta merkeagoa izango litzatekeela. Halaber, Estatu frantsesak Estatu espainiarrarekin eta Europarekin hartutako konpromisoak betetze aldera, Parisi galdegiten diote abiadura handiko linearen estrategia birpentsatzeko eta mugaz gaindiko kooperazioari bizkarrik ez emateko.