GARA Euskal Herriko egunkaria
GASTEIZKO SUKALDARITZA LEHIAKETA

azken txanpan, blusak eta neskak sukaldari

Bereziak blusen eta nesken kuadrillak antolatuta eta abuztuaren 8 guztietan bezala, Gasteizko Plaza Berriak kuadrillen arteko Sukaldaritza Lehiaketa hartu zuen atzo, 30. edizioa. Osagaiak Añanako gatza, Arabako garbantzuak eta patatak ziren. Horretaz gain, Ardo Dastaketa Solidarioa eta zahato jaurtiketako txapelketa izan zituzten.

Kuadrillen arteko Sukaldaritza Lehiaketaren 30. edizioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko jaietako laugarren egunean Plaza Berria inprobisatutako sukaldez bete zen 10.00etan. Orduan hasi zen Bereziak kuadrillak urtero antolatzen duen Sukaldaritza Lehiaketaren 30. edizioa. Nahitaez erabili beharrekoak Añanako gatza, patatak eta Arabako garbantzuak ziren.

Hainbat kuadrilla elkartzen ditu norgehiagokak, elkarren artean lehiatu daitezen. Aurten hemeretzi kuadrillak parte hartu zuten; besteak beste, Txirrita, Zintzarri, Okerrak, Margolariak, Txinpartagorri, Petralak, Kaletarrak, Los Desiguales, Luken, Galtzagorri, Zoroak eta Hegotarrak.

Azken hauek lehendabiziko aldia zuten lehiaketan. Hegotarrak kuadrillako kide batek, Leire Rojok, GARAri azaldu zionez, garbantzu eltzeko bat aukeratu zuten estreinaldirako. Esan nahi izan ez zuen osagai bat jarri zioten, baina bere kideari eskapatu zitzaion: bakailaoa.

11.00k aldera lapikoak itxura ona zeukan jada eta mahai gainean zegoen gazta eta urdaiazpikoak denbora beste zerbaitetarako aprobetxatzen ari zirela adierazten zuen. «Aldi berean kuadrillarentzat hamaiketakoa prestatzen ari gara, oraintxe etorriko dira eta», azaldu zuen Rojok. «Uste dut janari gehiago daukagula horretarako plater nagusirako baino».

Plazaren beste aldean Txirritakoak zeuden, proposamen guztiz desberdin bat esku artean. Aukera beganoak egitea izan zen kuadrilla honen asmoa; garbantzuzko chilia eta ogi indiarra, hain zuzen. Enara Berganzok, sukaldarietako batek, azaldu zuenez, kuadrillak parte hartzen duen lehenengo aldia zen; eta «jende askok parte hartu nahi zuenez, aurretiko hautaketa bat egin genuen».

Lehiaketa bukatzeko pare bat ordu falta zirenean «momentuz ondo» zeuden biak, «baina gauza oso ‘pro’-ak ikusten dira hortik», onartu zuen Berganzok.

ARDOA ETA TXAPELKETA BITXI BAT

Arabako Errioxako Ardo-dastaketa Solidarioaren 20. edizioa prestatu zuen Bereziak kuadrillak. Talur desgaitasuna duten pertsonentzako aisialdi eta denbora libreko elkartearentzat bildu zuten dirua.

Bitartean, hau ere plazan, Zahato Jaurtiketako VIII. Zeledon Txapelketa egin zuten. Urez beteta zeuden horiek, baina eguneko edozein ordutan ardoa edateko baimenak ez du asko iraungo: jaiak bukatu eta Zeledon igotzeko ordu batzuk baino ez dira falta.