2025 ABU. 10 Elkarrizketa PATXIKU IRISARRI EHNE sindikatuko ordezkaria «Guri bai, baina AHTko langileei ez diete lan egitea debekatu» EHNE sindikatuko laborarien artean, «erabateko kezka» sortu dute Nafarroako suteen inguruan nekazaritza jarduna eteteko hartutako neurriek. Bero aurreikuspenak ikusita, neurriak bere horretan mantendu izana kritikatu du Patxiku Irisarrik NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Peli LEKUONA IRUÑEA «Bi suteak itzalita zeudela, alerta jarri moduan kendu ahal zuten», kritikatu du EHNE sindikatuko Patxiku Irisarrik Naiz Irratiko uhinetan. Ostera neurriak malgutu izana egindako presioaren ondorio izan dela berretsi du, eta gehitu du zenbait neurrik ez zutela «inolako zentzurik». Adibidetzat jarri ditu soro ureztatuetan landaturiko tomateak ala Nafarroa iparraldean burutzen diren lanak: «Belatetik gora jendea belarra egiten ari da, eta neurri horrek erabat debekatzen zuen. Orduan, noiz egin behar dugu belarra, ez bada denbora ederrarekin?». EHNE sindikatuko kideak azaldu du, aurrez Nafarroan izandako suteen ondorioz, 2002az geroztik neurri propioak eta berain protokoloak egin zituztela eta horien arabera funtzionatzen dutela: «Kontua da orain hartutako agindu foral honek hori dena bertan behera uzten duela sindikatuekin hitz egin gabe». Irisarrik orain artean aintzat hartu den «meteoalerta» sistema lehenetsi behar dela azpimarratu du, tenperaturaren araberakoa, alegia. «37 gradu arte lana normal egin daiteke. 37-39 gradu artean, alerta horia da. Kasu honetan, belar paketeak edo lasto paketeak egitean, beste pertsona bat behar da nekazaritza-lanabesekin edo mila litroko ur depositu batekin. Alerta laranjan, 14.00 arte lan egin daiteke bakarrik». 40 gradutik gora alerta gorria ezartzen da, «eta orduan guztiok badakigu ezin dela lanik egin», gehitu du. PRESTAKETA LANEN GARRANTZIA Egun, neguan jasoko diren barazkien landaketa eta lurren prestaketa dira lan nagusiak. Horretarako, lurra jorratzeko, «chisel» izeneko goldea baliatzen da. Irisarrirentzat nahasgarria da golde mota honen erabilera debekatu izana, suhiltzaileek suebakiak zabaltzeko nekazarien beharra izan duten aldi berean. Aurreikusitako bero-boladan, EHNE sindikatuko kidea zalantzati dago Nafarroako Barne Sailak har ditzakeen debekuez; Barne Sail batek sektore oso baten lana nolatan gelditu dezakeen pentsakor agertu da. «Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak alerta gorria ezarri du, baina ez du lan egitea debekatu. Adibidez, AHTan dabiltzan langileei ez die lan egitea debekatu. Gomendioak ematen dituzte, baina debekurik ez. Gure kasuan debekua dago mahai gainean», salatu du. ABELTZAINENTZAT ERE ERRONKA Abereen kasuan, beroa nola daramaten galdetuta, abereek beren burua erregulatzen eta itzala zein freskura bilatzen dutela azaldu du: «Goizetan eta arratsetan ematen dituzte beraien bueltak belazeetan, eta eguerdian itzalean egoten dira. Hauek beren kabuz ikasten dute; beroarekin non gorde beraiek ikasten dute». Argitu du beraiek dakitenez ez dagoela ur eskasiarik, «mendietako iturriak oraindik ongi daude, beraz, ura eta jana izanez gero, moldatzen dira». Ustez beroa eskertzen duten elikagaiengatik galdetuta, EHNEko ordezkariak argitu du ez dela beti hala izaten. Mahatsari dagokionez, beroa goiz xamar heldu dela uste du Irisarrik, «irailaren lehen hamabostaldian baldin balitz beraientzat hobe izango litzateke». Hala ere, egun, mahastietan ureztatzeko sistemak daudela gogoratu du. Tomateek zapore gehiago izateko estres hidrikoa ona izan daitekeela zabalduta dagoen ideia den arren, gehiegizko beroak onddoak sortu ditzakeela kontatu du, eta argitu du Nafarroa behealdean tomate udarekara dagoela batez ere, eta hauek ureztatze sistema izaten dutela. BERTAN BEHERA«Orain indarrean jarritako arau foralak guk genituen neurriak bertan behera uzten ditu, eta ez dute sindikatuekin hitz egin»