GARA Euskal Herriko egunkaria

Eguzkik helegitea aurkeztu du ehizaren gaineko Gipuzkoako foru aginduaren kontra

Gipuzkoako Aldundiaren 2025-2026 denboraldirako ehizari buruzko foru aginduaren kontra, helegitea aurkeztu du Eguzkik. Aurreko urteotako edukiak errepikatu izana leporatu dio talde ekologistak.

Txakur bat ahoan ehizatutako usoa duela, Irun inguruan. (Gari GARAIALDE | FOKU)

Ohikoa den bezala, Gipuzkoako Aldundiak onartu egin du 2025-2026 denboraldirako ehizari buruzko foru agindua, «eta aurreko urteetako eduki gehiena errepikatu du. Ehiza xeherako eta larrirako ezarritako baldintzak ia ez dira aldatu», Eguzki talde ekologistak atzo jakitera eman zuenez.

«Ekologistek eta biodibertsitatearen kontserbazioaren aldeko taldeek urteak daramatzagu horren inguruan hausnarketa sakona aldarrikatzen, ehiza-jarduera argudio tekniko eta zientifikoetan oinarritu dadila eskatuz. Aldundiaren jarrera gure eskaeren aurkakoa da oraindik, eta ehiza-jarduera baldintza berberetan mantentzearen aldekoa. Aldaketarako borondaterik ez dagoenez, Eguzki talde ekologistak errekurtsoa jartzea erabaki du onartutako Foru Aginduaren aurka, kontuan hartu behar ziren inguruabar eta gertakari garrantzitsuak alde batera uzten dituela uste baitugu», azaldu zuen talde ekologistak.

«URTETAKO ARGUDIO BERBERAK»

«Gure ustez, ehiza sustatzeko, Aldundiak urteak daramatza argudio berberak erabiltzen, errealitate aldakorrak baloratu gabe. Klima-krisi larriak, espezie askoren egungo egoeraren ezjakintasunak eta legez kanpoko uxaldi batean gertatu berri den istripuak (etxean zegoen pertsona bat hil zen Deban 2023ko abenduan) ehiza-jardunaren erregulazioa baldintzatu beharko lukete, haren iraunkortasuna bermatzeko», gaineratu zuen.

Gainera, datorren denboraldirako, azeria ehizatzeko aldia hilabetez luzatzea onartu da, «neurria justifikatzen duten txosten tekniko edo zientifikoetan oinarririk egon gabe». «Aldundiak, zuhurtzia aukeratu beharrean, ehiza-presioa areagotzea erabaki du, baita orain arte segurtasun-eremuak ziren hainbat lekutan ehiza baimentzea ere», salatu zuen Eguzkik.