GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Bero-boladak


Gaurkoan ere beroa nagusi izango da. Abuztua tenperatura altuengatik alertaz beterik egon da; eta, zalantzarik gabe, ohiko mintzagaia bihurtu da, baita freskatzeko lekuak nola bilatu ere. Atzo bertan, lehenengo farmazia batean eta gero supermerkatu batean nengoela, bi adineko pertsonak freskatzeko bakarrik sartzen zirela adierazi zuten. Ulergarria; hala ere, nire babesleku gogokoena, ahal dudanean, zinema-areto bat da. Hori bai, ezin dugu beti aukeratu.

Uda honetan hondartzaz eta igerilekuaz gozatzeko aukera izan dut, eta tartea egon da senideekin elkartzeko ere. Osasun makala duen haietako batek komentatu zuen egun nahiko zeramatzala etxetik irten ezinik, beroak bere gaixotasunean duen eragin negatiboagatik. Konfinamendu klimatikoa, beraz. Udarekin lotzen ditugun jardueretatik asko urruntzen dena, hauek normalean oso lotuta baitaude aisialdiarekin eta kanpoan gozatzearekin. Izan ere, badakigu tenperatura altuek, deserosoak izateaz gain, osasunerako arriskuak dakartzatela, bereziki, umeentzat, nagusiak diren pertsonentzat edo gaixo daudenentzat. Are gehiago, badakigu tenperatura altuek eragindako heriotzak nabarmen handitu direla iazkoarekin alderatuta.

Bero-boladek ezin gaituzte jada ustekabean harrapatu. Zientzialariek aspaldi iragarriak dira, eta urtetik urtera gero eta ohikoagoak. Europa osoan gertatzen ari den fenomeno arriskutsua da; larritasun handikoa, eta bestelako arazo gehigarriak dakartzana, hala nola suteak, baita ekaitz handiak ere. Horregatik, gero eta harrigarriagoa da berotze globala zalantzan jartzen duten buloen ugaritzea. Eta gero eta zailagoa da ulertzea, klima-aldaketara egokitzeko hirien anbizio eza nabaria denean. Egokitzapen-neurriak hartzea atzeraezina da, muturreko berora egokitzeko eta herritarrak babesteko, betiere pertsonen zaurgarritasuna areagotzen duen desberdintasunik sortu gabe. Asko da egiteko dagoena eta denbora gutxi dugu: hiriak birnaturalizatzea, trafikoaren murrizketa bultzatzea, eraikinak birgaitzea, babesleku klimatiko publiko eta komunitarioak sortzea...