2025 ABU. 19 GAURKOA Telesforo Monzon gogoan Jose Ramon ETXEBARRIA BILBAO Irakasle jubilatua Azpeitiko gertaera batean ertzainek izandako jokaera aipatzean erabilitako hitz batengatik bertako alkateari egin zaion neurrigabeko eraso mediatiko-instituzionala dela eta, Telesfororen izena ekarri nahi nuke gogora, eta, bide batez, neuk bizi izandako lau esperientzia berezi kontatu, haietan ertzainengandik harturiko «proportziorik gabeko tratua» jakinarazteko. Lehenik, Telesforo nor izan zen adierazten duen datu historiko bat: Francok eta Molak errepublikaren aurka lideraturiko estatu kolpearen testuinguruan, 1936ko urrian, Jose Antonio Agirrek gidaturiko Euzko Jaurlaritza sortu berriak Gobernazio Sailburu izendatu zuen Monzon. Handik gutxira, Jaurlaritzak Guardia Civil erakundea eta Guardia de Asalto polizia-kidegoa desegin zituen, eta Ertzaña izeneko erakundea (gaur egungo Ertzaintzaren aitzindaria) antolatu zuen, Monzon buru zela. Esan dezaket ertzainekin izandako lehenengo kontaktua Ertzaintza sortu aurretik izan nuela. Ofizialki, 1982an sortu zen, baina Berrozi taldeko ikastegia 1980an hasi zen lanean, eta bertan lehenengo belaunaldiko ertzaingaiak prestatzen hasi ziren. Garai hartan Eusko Legebiltzarreko diputatua nintzen, 1980ko martxoaren 31ko hauteskunde autonomikoetan Herri Batasunaren izenean hautatua. Kontua da, Francok izendatutako Espainiako erregeak 1981eko otsailaren 4an Gernikako Juntetxera etortzeko okurrentzia izan zuela, gure erkidegoko hautetsien onespena ofizialtzeko asmoz. Horren kariaz, legebiltzarreko kide guztiak izan ginen gonbidatuak, HBkoak barne; eta guk joateko erabakia hartu genuen. Juntetxe barruan ginen, ba, legebiltzarreko batzarrean eserita, mahaiko diputatuen hitzak isiltasunez entzuten, harik eta oraingo emeritoa mikrofonoaren aurrera joan eta hitz egiten hasi zen arte. Onespenik ezin genion eman, noski, eta geure desadostasuna adierazi behar genuen. Zutik jarri eta kantari hasi ginen “Eusko gudariak” abestia, 1936ko estatu-kolpearen aurka borrokan aritutako gudarien ohorez. Bat-batean indarka agertu ziren identifikaziorik gabeko hainbat berrozitar. Kolpeka eta bultzaka atera gintuzten kalera, Juntetxearen eremuan zeuden ehunka gonbidatu irainka ari zitzaizkigun bitartean. Horrela tratatu zuten gure «immunitate parlamentarioa». Berrozitar haiek ez ziren oraindik legezko ertzainak; alegalak ziren. Epaiketa prozesu luze baten ondoren, lehenengo instantzian kondenatu egin gintuzten; baina, behin betiko sententzian, 1993an Espainiako Tribunal Gorenak errugabeak deklaratu gintuen, esanez ezen ekintza hartan «el legítimo ejercicio del derecho a la libre expresión, al comunicar al Monarca de un estado de insatisfacción pública» erabili genuela. O tempora, o mores! Esandako gertakari hura hurrengo lau hamarkadetan ertzainek eskainiko zidaten tratu txarren aurrekaria baino ez zen izan. Horrelako beste hiru aipatuko ditut soilik, Euskal Herriko Unibertsitatean 1990eko hamarkadan gertatutako batetik hasita. Ordura arte, mundu unibertsitarioko tradizioari jarraiki, EHUko Leioako unibertsitateko campusa forupeko eremutzat hartzen zen; alegia, biolentzia fisikotik babestuta zegoen, eta bertan ez zen onartzen Poliziaren sarrera bortitza (elizetan bezala). Hortaz, irakasleen lan baldintzak hobetzeko protesta baketsuen artean, errektoretxeko lokaletan sartu ginen modu baketsuan, bertan geratzeko asmoz. Orduan hautsi zuten lehen aldiz ertzainek forupeko eremu hori, kolpeka bertatik atera gintuztenean. Niri dagokidanez, eskaileretan gora nindoala, atzetik zetorren ertzain batek borra kolpe latza jo zidan buruan, loki hezurraren inguruan, erdi kommozionaturik lurreratu ninduena; eta koskor galanta utzi zidana. Horrela ikasi nuen praktikan zer zen erasotzaile haien «proportziozko tratua». Handik urtebetera-edo, beste esperientzia ahantzezin bat izan nuen Leioako campusean. Unibertsitatetik kanporaturik nengoela, ikasleek gonbidaturik, fisikako klase bat ematen ari nintzen, ikasgela ondo beterik neukala. Halako batean, kontrataturiko guarda talde bat ikasgela barrura sartu, haietako lauk hanka eta beso banatatik oratu, airean hartu eta ziztu bizian atera ninduten kalera. Txikia izanik, han ikusi nuen babeslekua: mugimendu bizkor batez guardien eskuetatik askatu eta aparkaturik zegoen auto baten azpira sartu nintzen, eta handik ezin izan zuten ni ateratzerik, ikasleak ni babesten jarri baitziren. Denbora luzea pasatu zen horrela, ertzainen patruila bat etorri zen arte. Autoaren azpitik patruila buruari azaldu nion guardek emandako tratua, eta inor detenitzekotan haiei kontu eskatzeko esan. Horrela nengoela, ertzain batzuei otu zitzaien autoa altxatzen hastea; pixka bat altxatuta askatu eta autoaren pisua sentitu nuen bular gainean. Badaezpada, neure kabuz irten nintzen babeslekutik. Hori ere «proportziozko tratua» izan bide zen; alkandora apurtuta, zaramara bota behar izan nuen. Mende berriko lehen bi hamarkadetan beste zenbait esperientzia «gogoangarri» izan nituen. Nahikoa izango da beste bat kontatzearekin. Bilboko Autonomia kalean gertatu zen, 2003an, Zabalburuko plazaren sarreran. Orduan AuBko hautetsi modura nentorren, kale osoko zabalerako pankarta eskuan, hamarnaka mila manifestari atzean, gure aurkako ilegalizazioaren aurkako protesta baketsuan. Bat-batean Ertzaintzaren tanketa moduko zisterna kamioi bat hasi zitzaigun hurbiltzen, eta hari aurre egiteko, lurrean esertzea erabaki genuen. Kamioia aurrerantz zihoan gure gorputzetara ur txorrotada bortitzak (likido urdin batez) jaurtitzen, erruki gabe. Gu mugitu gabe, geldi eta tinko. Gugandik metro gutxira gelditu zen; horraino iritsi zen ertzainen «proportziozko tratua». Telesforo Monzonen oroimenez idatzi dut artikulu hau, gogora ekartzeko oraingo Ertzaintza ez dela inondik ere Euskal Herriko biztanleentzat berak diseinatu eta amesten zuen herritar Polizia euskalduna. Oso bestelakoa izan behar luke. Oraingo Ertzaintza ez da inondik ere Euskal Herriko biztanleentzat berak diseinatu eta amesten zuen herritar Polizia euskalduna