GARA Euskal Herriko egunkaria
MUERTOS S.L.

Umorea, hilotzen artean


Torregrosa izeneko ehorztetxearen egunerokoa erakusten du “Muertos S.L” telesailak. Baina ez pentsa drama nagusi denik; alderantziz, pertsonaiek biziko dituzten egoera xelebreek umorez zipriztinduko dute guztia. “The Office” telesailaren antzekoa da, baina ehorztetxe batean girotua.

Abiapuntua, nola ez, heriotza bat da: ehorztetxearen zuzendari, jabe eta sortzailearen heriotza, hain zuzen ere. Don Gonzalo hil ondoren, Damaso Alonso administratzaile arduratsuak zuzendaritza bere gain hartzea espero du, baina bere harridurarako, hildakoaren alargunak, Nievesek, hartuko du agintea.

“The Office” telesailari erreferentzia egiten jarraituz, istorio honetako Michael Scott argi eta garbi Damaso da (Carlos Areces). Haren inguruko pertsonaiek egoera barregarriak -batzuetan deserosoak ere- sortzen dituzte, hildakoak eta euren senideak tartean direla kontuan hartuta. Umore beltza da nagusi. Aktore zerrendan Aitziber Garmendia eta Lorea Intxausti euskal aktoreak ageri dira.

Komedia bat ehorztetxe baten egunerokoan kokatzea ez da originala bakarrik, arriskutsua ere bada. Heriotza, gai unibertsala baina sarritan isilarazia, narrazioaren motor bilakatzen da hemen, eta, harrigarria dirudien arren, etengabeko umore iturri. Ez du banalizatzen; aitzitik, komedia beltza hipokrisia soziala, familia-harremanak eta doluaren burokratizazioa zalantzan jartzeko tresna gisa erabiltzen du. Heriotza aitzakia hutsa da bizidunen miseria, kontraesan eta barregarrikeriaz hitz egiteko.

Irudi aldetik soila eta oso sinplea da. Gag batzuk errepikakorrak dira eta pertsonaia batzuek oraindik ez dute beren tokia aurkitu. Hala ere, hilotzen artean ere bizitza tragikomedia barregarri bihur daitekeela erakusten du komedia gomendagarri honek.