2025 ABU. 29 Berriozar eta Irunberri, Iruñerritik Zangozerrira jairik jai Nafarroako bi txoko ederretan jaiak ospatuko dituzte aste honetan. Berriozarrek asteazkenean hasi zituen, eta abuztuaren 31ra arte luzatuko dira. Irunberrik, ordea, bihar, abuztuaren 30ean, hasiko ditu bere San Ramon jaiak, eta irailaren 4ko «Gaixoa Ni» ekitaldiarekin amaituko dira. Tarte horretan lekua egongo da musika, zezensuzko, erraldoi, bazkari eta azoketarako. Gazteak dantzan, Berriozarko jaietan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) GARA IRUÑEA BERRIOZARrek asteazkenean hasi zituen bere jaiak, egitarau parte-hartzailea osatuz, abuztuaren 31ra arte luzatuko dena. Atzo neska-mutil nagusien dantza tradizionala ospatu ostean, jaietako momentu kuttunenetako bat, indarrez helduko diete gaur festei berriz ere, denontzako ekitaldiekin. Tartean, haur eta gazteentzako rokodromoa egongo da goizean, eta bermut musikatua egingo dute eguerdian. Arratsaldean, bertso poteoa antolatu dute Saioa Alkaiza eta Jon Maiarekin. Era berean, HIESAren aurkako batzordeak eta Gure Moreak hainbat kontzertu antolatu dituzte euren postuetan. Datozen egunetan izaera herrikoiarekin jarraituko dute. Nabarmentzekoa da larunbatean, abuztuaren 30ean, 26 urteren ostean herri bazkaria egingo dutela berriz. 15.00etan izango da Pista Ilargin, eta 400 pertsona bilduko ditu. Bazkalostean elektrotxaranga bertaratuko da nahi dutenek dantzatu ahal izateko. Musika-aniztasunari dagokionez, eszenatoki ezberdinetan egongo dira rantxerak, jotak, sevillanak, rocka, ska, punka, formatu handiko orkestrak eta gazteentzako DJak. Berrikuntza gisa, Abba musikal mitikoari omenaldia egingo diote ostegunean, hilak 28, Elkarrekin Abesbatzak eta Doinua Musika Bandak elkarrekin antolatuta. Bestalde, Turrillas Plazan haurrentzako jarduerak finkatu dira. Abuztuaren 31n argi bateria batekin amaituko dituzte festak. Egun horretan bertan, kaldereteak egingo dituzte Eguzki plazako kiosko atzean. Berriozarko udalak gogoratu du jaietan eraso sexisten aurkako protokolo bat dagoela, eta horiei aurre egiteko telefono bat izateaz gain (660344692), ostegunean, hilak 28, 21.00etatik 1.00etara, alde zaharrean puntu morea jarriko dutela. Era berean, inguruko beste herri batzuekin batera, «Jaietan euskaraz jantzi!» kanpaina abiatu du Berriozarrek, jai giroan ere euskara sustatzeko asmoz. Horretarako, hainbat material sortu dituzte euskara zerbitzuek: txosnetan eta tabernetan euskaraz eskatzeko gida azkarra, zerbitzarientzat gehien erabiltzen diren hitzen eta aholkuen zerrenda, edo euskarazko komunikazioa errazteko pegatinak. ZULO ALAI ELKARTEA Txupinazoa Zulo Alai elkarteak bota zuen hilaren 27an. 50 urte betetzen ditu aurten eta, hori dela eta, jaiei hasiera emateko ohorea izan zuen, herriarekin beti izan duen konpromisogatik, eskertza gisa. 1975. urtearen amaieran parrokiako lokaletan kokatutako Gazteen Elkartean biltzen ziren pertsonek Betikoak peña sortu zuten. Bere sorrera Berriozarko erretoreen eraginari esker lortu zen hein batean, oso dinamikoak baitziren eta gazteen parte-hartzea sustatzen baitzuten. 1985ean, Betikoak peña desegin egin zen, eta Errekalde kalean lokala erostearekin batera, kide ohiek Zulo Alai Elkartea sortu zuten. Ordura arte jaietan bakarrik izaten zuen jarduera, eta honekin, urte osoan zehar herrian erreferente izaten jarraitzeko apustua egin nahi izan zen. Orduz geroztik, Udalak zabaldutakoaren arabera, Berriozarko ikonoetako bat izan da kirol, kultura, gastronomia edo euskararen sustapenean. Iruñerritik, Zangozerrira egingo dugu salto. Izan ere, IRUNBERRIk San Ramon jaiei ongietorria emango die abuztuaren 30ean, 12.00etan, suziriaren jaurtitzearekin batera. Ostean, txaranga, gaiteroak eta erraldoi eta buruhandiak abiatuko dira. Jaiak irailaren 4ra arte ospatuko dituzte. Hurrengo egunetan ere erraldoi eta buruhandiak aterako dira, 11.30ean, txikien gozamenerako. Egunero errepikatuko diren beste ekitaldiak zezensuzkoa eta larrain-dantza izango dira (22.00), baita entzierroa (18.30, Kale Nagusia) eta puzgarriak (18.30, Santa Maria plaza) ere. Horiez gain, aipagarriak dira Nagusien Eguna, bazkari eta dantzaldia barne (irailak 1ean); Gazte Eguna, hamaiketako eta gazteen errondarekin; eta Haurraren Eguna (irailak 3), non txikien txupinazoa ospatuko duten eguerdian. Egun horretan ospatuko da, baita ere, XXVIII. Nafarroako Ardo eta Gazta Azoka. Azkenean, irailaren 4an, bazkari herrikoia egingo dute eta «Gaixoa Ni» abestuz agurtuko dituzte jaiak gauerdian. BI BIZILAGUNEN LISKARRA Egitarauan istorio bitxi bat zabaldu dute, herrian iraganean gertatutakoa, Xabier Rebolek Peio Monteanoren laguntzarekin idatzia. 1574an, ba omen ziren bi emakume , Graciosa eta Maria. Lehenak bigarrenari sorgin izatea leporatu zion, bere haurtxoaren heriotza eragin izanagatik. Bigarrenak erantzun zion amaren errua zela, hainbeste edango ez balu bizirik egongo zelako. Egun batzuk beranduago berriro egin omen zuten topo, eta Graciosak Maria iraindu zuen «judu zitala», «zakur judu gaiztoa» eta «zakur judu baten oinordekoa» zela esanez, hitz larriak garai hartan. Maria defendatu egin zen, etsaia xaxatzeko «chilin chilin» esanez -euskarazko «zintzilik» hitzetik eratorria-, bere aitona delitu batengatik urkatu zutelako. Gainera, bere izena garbitzeko, Graciosa epaitegira eraman zuen, esanez bera «ospe oneko emakumea» zela. Hala, epaitegian, idazkariak emakumeek esan zuten guztia idatzi zuen, gazteleraz, baina euskaratik itzuliz, hala mintzatzen baitziren herrian gehienak. Dokumentu ofizialak, ordea, gazteleraz idazten ziren. Ondoren, idatzitakoa zuzena zela konprobatzeko, irakurri heinean itzuli egin behar izaten zuten. Epaiketa honen dokumentuetan gordetzen da istorio hau. Bi emakumeak deserrira kondenatu zituzten, nahiz eta biek zigorra barkatzeko eskatu zuten, Mariak haur txiki bat zuelako eta Graciosa haurdun zegoelako. Ez dakigu epaileak zein erabaki hartu zuen azkenean. BIGANTXAK Bigantxak, zezenko gurpildunak eta zezensuzkoa. Berriozarren adarren aurrean jarri nahi dutenek aukera desberdinak izango dituzte. ARDOA ETA GAZTA Ardo eta gazta azokan, Nafarroako bederatzi upeltegik eta bi gaztagilek hartuko dute parte. Irailaren 3an izango da, 13.00etatik aurrera, Kale Nagusian.