2025 ABU. 30 Marieneko aferan esku hartzeko eskatu dio eragile ugarik Euskal Hiri Elkargoari Hainbat eragilek Euskal Hiri Elkargoari eskatu dio Kanboko Marienean 94 etxebizitza eraikitzeko lurren salmenta gelditzeko. «Hitzarmen bat izenpetua izan da lurren jabeen eta Bouygues multinazionalaren artean, eta hor bi hilabeteko epe bat irekitzen da, non Elkargoak geldiarazten ahal duen sailkapen hori», azaldu dute. Aste honetan Marienean egindako agerraldia. (Patxi BELTZAIZ) P. LEKUONA - I. CAMBRA KANBO Kanboko Marienean 94 etxebizitza eraikitzeko lurren salmenta gelditzeko eskatu dio eragile ugarik Euskal Hirigune Elkargoari. Tartean da Maryse Cachenaut laboraria eta Lurzaindiako kidea. Proiektu hori gelditzea «ezinbestekoa» dela aldarrikatu zuen berriki NAIZ Irratian egindako elkarrizketan. Lur horiek laborantzarako duten garrantzia nabarmendu zuen, eta Marieneko proiektuak klima aldaketaren aurkako neurriak arriskuan jarriko lituzkeela ohartarazi zuen. Cachenautek adierazi zuenez, beren aldetik errekurtso juridikoak bukatuak dira kasik, baina Euskal Hiri Elkargoak esku har dezake. «Hitzarmen bat izenpetua izan da berriz ere lurren jabeen eta Bouygues multinazionalaren artean, eta hor bi hilabeteko epe bat irekitzen da, non Euskal Hiri Elkargoak geldiarazten ahal duen, nahi badu, sailkapen hori». «Herri Elkargoak erraten du ez dela informatua, baina jakina da sailkapen hori izenpetua dela eta espero dugu zinez ardura hartuko dutela», erantsi zuen. Azaldu zuen protesten eta mobilizazioen bidez presioa egiten jarraituko dutela. Marieneko laborantza lurren etorkizuna kezka handia sortzen ari da. Lurzaindiako laborariak ziurtatu zuen proiektuaren atzerapenak aukera emango lukeela bere azterketa berrikusteko. Lurzaindiak, CADEk, Ostia sareak eta Nahi Dugun Herria taldeak, besteak beste, bat egin dute eskaera horrekin. Egitasmo honen arriskuak eta ingurumenaren kaltetan ekarriko dituen ondorioak salatu dituzte. Hala azaldu zuen Cachenautek: «Argudio juridikoak eta politikoak aztertu behar dira, eta Euskal Hiri Elkargoak jarrera argia hartu behar du». Horren arabera, hiriaren planifikazioari buruzko erabaki politikoak ez dira soilik hirigintzaren ingurukoak, ingurumenaren eta laborantza lurren iraunkortasunaren ingurukoak ere badira. JARDUNALDIA ETA EPAIKETA Irailaren 6an, gaur zortzi, Marieneko laborantza lurren inguruko mobilizazio eta informazio jardunaldiak izango dira. Irailaren 10ean, berriz, hiru aktibisten aurkako epaiketa egingo da, Kanboko Udalean protesta egiteagatik. Lurzaindiako kideak adierazi zuen antolatu dituzten mobilizazioak ez direla soilik errepresioari aurre egiteko, «Marieneko lurren iraupena eta etorkizuna defendatzeko» izango direla. Protestak Marienean bertan egingo dira. DEIALDIAGaur zortzi, irailaren 6an, Marieneko laborantza lurren inguruko mobilizazio eta informazio jardunaldian parte hartzeko deia egin dute, «Marieneko lurren iraupena eta etorkizuna defendatzeko».