2025 IRA. 01 Izarrak itsasoan Urtero hondartzetan egin ohi den presoen aldeko mobilizazioa bultzatzeko, surfean irudi batzuk hartzeko proposamena luzatu zidaten duela zenbait urte. Pare bat gaztek olatu gainean banderola irekitzeko prest zeudela jakinarazi zidatenean argazkilariarekin hitzordua finkatu genuen. Eguna iritsi zen, uztaileko goiz lasaia zen, haizerik gabea eta olatu txikiekin. Itsasgora zenez eta oraindik goiz zenez, irudiak hartzeko momentu ezin aproposagoa zen. Argazkilaria, olatu gainean ginenean banderola nora begira ireki behar genuen azaltzen hasi zen, baina itxaroteko esan nion, olatu gainean banderola bat edonork ireki dezakeela eta, beraz, ekintza ikusgarriagoa izateko hiru gonbidatu berezi deitu nituela. Argazkilariak surflari ezagunak ote ziren galdetu zidan irribarrez, eta nik, serio, zera erantzun nion, munduko surflari hoberena ere gure gonbidatuen ondoan txiki geratzen zela. Iritsi ziren hiru izarrak, taula gainean euskal preso politikoen etxeratzea aldarrikatzen zuten banderak ireki behar zituztenak. Hirurak emakumeak, inoiz surf egin gabeak, eta hiruren artean ia 200 urte zituzten, baina presoen alde zela esan nienez, edozertarako prest zeuden. Haietako bat Arantxa Arruti zen. Olatu txikien gainean zutik jarri eta izarekin lehorrera begira bultzatzen genituen, taula gainean zutik, eta baita binaka ere, gutako norbaitekin lagunduta. Irudi politak hartu genituen. Edith Piaf, nortasun handiko abeslaria, maite zuen Arantxak, eta haren abesti bateko hitzak erabili zituen 2016an argitaratu zen “Zarauzko ametsen liburu”-rako idatzi zituen lau olerkiei amaiera emateko. «Non, je ne regrette rien, c'est payé»; alegia, ez naiz ezertaz damutzen, egindakoa ordainduta dago, errepikatzen zuen. Beste edonork gauza bera esanda abesti zati eder bat dirudi, baina Arantxaren ahotan, esaldi hori arnasa mozten duen izotz zati zorrotza da. Olerki gehienak gazteleraz idatzi zituenez, euskaratzekotan egon naiz, baina ez nuke behar bezala itzultzen asmatuko. Horra Arantxak idatzitako zati eder bat: «Entre los muchos sueños despiertos mientras estaba hospedada en la cadena de hoteles REJAS, uno de mis sueños que más anhelaba, era ver y bañarme en el mar, el cuerpo me lo pedía a gritos, la necesidad de libertad, un cuerpo torturado y encarcelado que necesita expansión, sin dimensiones, y así lo hice. Meterme en el mar desnuda, recordando uno de mis nombres de guerra: ITSASO». Haietako bat Arantxa Arruti zen. Olatu txikien gainean zutik jarri eta izarekin lehorrera begira bultzatzen genituen, taula gainean zutik, eta baita binaka ere, gutako norbaitekin lagunduta.