2025 IRA. 03 Jay Vinek Movistar talde nafarraren garaipena zapuztu du Belaguan Vine, Belaguan, bigarren garaipena ospatzen. (Ander GILLENEA | AFP) GARA BELAGUA Aurtengo Espainiako Vuelta Euskal Herrira iritsi zen atzo, eta nabaritu zen, bai! Arguedas herriko Sendavivan hasi eta Larra Belaguan amaitu zen hamargarren etapan zehar ikurrinak, Palestinako banderak eta haren aldeko aldarriak ikusi ziren, azken hauek Israel-Premier Tech taldeari boikota egiteko, herrialde hori Gazan egiten ari den sarraskia dela eta. Kirol arloan, ikuskizuna izan zen jardunaldian zehar. Etapa hasieran Juan Ayuso eta UAEren arteko liskarrak agerian geratu ziren -diktadore deitu zion txirrindulariak taldeari-; ondoren, ihesaldia sortu zen, berandu baina benetakoa, eta, azkenik, azken kilometroetan, Belaguako igoeran, zaleen mesederako kilometro politak ikusi ziren. Pablo Castrillo Movistar talde nafarreko txirrindulariak indar guztia jarri zuen ‘etxean’ garaipena eskuratzeko, baina Jay Vine (UAE) australiarra indartsuago agertu zen eta aurtengo edizioko bigarren garaipena erdietsi zuen, Jakako kirolariari 35 segundoko aldea ateraz. Hori aski ez balitz, Javier Romo Movistarreko beste txirrindulariak hirugarren amaitu zuen etapa; beraz, jarrera lehiakorra izaten ari den taldeak egun ona biribildu zuela esan daiteke. Sailkapen nagusian liderra aldatu zen. Jonas Vingegaard (Visma) danimarkarrak maillot gorria eskuratu zuen berriro ere, faboritoen taldean -Joan Almeida (UAE) tarteko- helmugaratu ostean. AZPARREN, IHESALDIAN Eguneko ihesaldia helmugarako 60 kilometro falta zirela sortu zen; 30 gizon zihoazen: Movistarreko Castrillo, Romo eta Aular, eta Xabier Mikel Azparren euskalduna, besteak beste. Coronaseko igoeran Romok ihesaldia apurtu eta zortzi gizon geratu ziren; horien artean, Azparren eta beranduxeago sartu zen Jay Vine, mendiko maillota defendatzeko eta, zergatik ez, garaipena lortzeko. Belaguako igoeran, Alec Segaert (Lotto) belgikarrak saiakera egin zuen, baina Castrillok metro batzuk hartu zituen aurretik... Jay Vine iritsi zen arte. 29 urteko australiarrak asmo guztiak zapuztu zizkion eta bakarrik helmugaratu zen. Atzetik, Torstein Traeen norvegiarrak kale egin eta lidergoa galdu zuen, Vingegaard faborito nagusiaren mesederako. CASTRILLOK, ETAPA BURUAN Etapa amaituta, Pablo Castrillok Jay Vineren indarra azpimarratu zuen, «oso aurkari gogorra» dela baieztatuz. Jakako txirrindulariak atzoko etapa buruan zuen, etxetik gertu baitzen. «Helmuga hau nire etxetik eta nire hurbilekoengandik oso gertu dago. Irabazteko dena ematen saiatu naiz. Pena izan da, Vine oso aurkari gogorra delako», adierazi zuen iaz Vueltako bi etapa irabazi zituen txirrindulariak.