2025 IRA. 03 ALIEN: EARTH (ALIEN: PLANETA TIERRA) Prekuela berritzailea «Alien» unibertsoan Gaizka IZAGIRRE HERNANI Alien”-en unibertso zinematografikoan, orain arte, zazpi film nagusi egin dira; “Predator”-ekin eginiko crossover-ak kontuan hartuz gero, guztira bederatzi. Orain, zerrenda horri “Alien: Earth” (gazteleraz “Alien: Planeta Tierra”) gehitu behar zaio: telesail formatuan dator, eta 1979ko “Alien” filmeko gertaerak baino bi urte lehenago garatzen den prekuela bat da.. Telesailak etorkizuneko Lur bat irudikatzen du, non korporazio teknologiko boteretsuek nagusitasuna duten; horien artean, Prodigy nabarmentzen da. Boy Kavalier, zuzendari nagusia, hilezkortasunarekin obsesionatuta dago eta esperimentu aurreratuen gidaria da, haur gaixoen kontzientziak gorputz sintetikoetara transferitzeko prozesuak burutzen ditu. Egoera are korapilatsuagoa bihurtzen da Weyland-Yutani enpresaren estralurtar espazio-ontzi batek Lurra jotzen duenean. Istorioaren erdigunean Wendy dago, kontzientzia gorputz hibrido batera transferitzen zaion neska gaztea. Drama, beldurra eta zientzia-fikzioa modu zorrotzean uztartuz, telesailak identitatea, gizatasuna eta etika bezalako gai konplexuak esploratzen ditu. Argazkilaritza zainduak eta efektu ikusgarriek telesailari nortasun propioa ematen diote, jatorrizko “Alien” unibertsoaren xarma eta atmosfera birsortuz. Giroa zapaltzailea eta klaustrofobikoa da, izu psikologikoaren funtsa mantenduz. Efektu praktikoen eta CGIren arteko orekak sinesgarritasuna areagotzen du. Girotze-lana, oro har, bikaina da. Ikusi aurretik, susmatzen nuen gutxieneko kalitatea izango zuela; izan ere, telesailaren sortzaile nagusia Noah Hawley da, “Fargo” telesail zoragarriaren egilea. Eta ez, ez nengoen oker; harritu nauena, ordea, sagako izenburu asko baino hobea den zerbaitekin topo egitea da.