2025 IRA. 04 TANGOAREN ERRITMOAN TERAPIA EGITEN Tangoa dantzatuz, parkinsona duten pazienteak bizitasuna eta oreka berreskuratzen saiatzen dira Buenos Airesko ospitale batean. Tango saio bat, Buenos Airesko Ramos Mejia ospitale publikoan. (Juan MABROMATA | AFP) Sonia AVALOS Lehen akordeak entzutearekin batera, parkinsona albo batera utzi eta gaitz bera duten beste pertsona batzuekin dantzan hasten da Lidia Beltran, Buenos Aireseko Ramos Mejia ospitale publikoan. 15 urte daramatzate bertan dantza horren eragina ikertzen eta gaixotasun neurodegeneratibo honen sintomei aurre egiteko tresna ematen. «Parkinsonaren arazo nagusietako bat ibileran dago, eta tangoak, oinezko dantza den heinean, pausoak gelditu eta berriz hasteko estrategiak lantzen ditu», azaldu dio Nelida Garretto neurologoak AFP berri agentziari. Orain arteko emaitzak oso positiboak dira: paziente batzuek, hankak “izoztuta” geratzen zaizkienean, tangoaren figurak erabiltzen dituzte blokeo hori gainditzeko. «Musikak egoera zailak gainditzen laguntzen du», nabarmendu du, bestetik, Tomoko Arakaki neurologoak. 66 urteko Lidia Beltranentzat tailerra lagungarria da oso, eta ez bakarrik mugikortasunerako, aldarteari ere on egiten baitio. Beste pazienteentzat ere ihesbide bat da, depresioa eta bakardadea saihesteko. Saioak amaitzean, irribarreak eta txaloak nagusitzen dira: bizitakoa inork ez die kenduko.