2025 IRA. 05 Infiltrazioak (berriro) Gaizka IZAGIRRE Zinema kritikaria Los Cuerpos y Fuerzas de seguridad del Estado junto a toda la Sociedad española derrotaron a ETA», hori da “La infiltrada” filmaren amaieran ageri den lerroburu lotsagarria. Filmak lortu zuen oihartzun mediatikoa, Goya sarietako aldarriak eta guzti, honen inguruan piztu ziren eztabaidak ezagunak zaizkizue. Jonathan Martinezek bikainki adierazi zuen guztia NAIZen argitaratutako “El relato de la batalla” artikuluan. Ez zen urtebete igaro filma estreinatu zenetik, ekainean “La Frontera” aurkeztu zutenean: ETAren inguruko beste fikziozko lan bat. “Ezustekoak” ez dira hor amaitzen. ETAn infiltratu zen emakumezko guardia zibil baten istorioa kontatzen duen “Un fantasma en la batalla” Donostia Zinemaldian estreinatuko dute, eta urritik aurrera, zinemetan ez ezik, streaming plataformetan ere ikusgai izango da. Pantaila handian, berriro ere, poliziaren justifikazioa eta infiltrazioen erromantizazioa. Maider Galardi F. Agirre kazetari eta ikerlariak Pikara Magazinen esandakoak datozkit burura: «Nekatuta gaude gure herriak, gure herrak eta gure orroak erridikulizatzeko joera honekin». Nahikoa da, mesedez. Zorionez, badira euskal gatazkari buruz bestelako ikuspegi bat eskaintzen duten lanak: “Karpeta Urdinak”, “Indarkeriaren Oi(h)artzunak”, “Negu Hurbilak”, “Bi Arnas”, “Non dago Mikel?”, “918 Gau”, eta abar.