2025 IRA. 05 KONTXAKO BANDERA GIZONEN SAILKATZE ESTROPADA Lekittarrak, 26 urte luzeren buruan, Kontxako Bandera lehiatuko du 1999az geroztik sailkapen estropadan zazpi onenen artean geratu ezinik zebilen Isuntza, eta atzo lortu zuen, hurrenez hurren Urdaibai, Orio, Zierbena, Hondarribia, Getaria eta zortzi urteko gabeziaren ostean «Arraunaren Olinpiar Jokoetan» lekua egitea lortu duen San Juanekin batera. Itsaso petralean bikain moldatuta, Lekeitiokoek elitean berriz ere lekua bereganatu dute. Lekittarra ontziko arraunlariak, pozez eta emozioz gainezka. (Jon URBE | FOKU) Arnaitz GORRITI Osertz Aldai ez zen atzo hasi arraunean, baina Lekittarrako entrenatzailea, tostetan murgilduta, negar malkotan izan zen atzo, minutu oso luzeetako urduritasunari eutsi ezinik, nahiz eta teorian, A multzoko traineruek lanak amaitutakoan zazpigarren denborarik onena ezarri ostean, sailkapena poltsikoan izan. «‘Xaguak’ -Iñaki Goikoetxea patroiak- markatu du diferentzia itzulerako luzean. Joanekoan sufritu egin dugu, baina bagenekien patroi honekin denbora ona egingo genuela, eta halaxe izan da», adierazi zuen Osertz Aldaik, Goikoetxea ‘Xagua’ bera ondoan zuela, Lekittarraren sailkapena bermatu ostean. Izan ere, XXI. mendean aurrenekoz lortu zuen atzokoan Isuntzak Kontxako Banderaren lehiarako sailkatzea. 1999an izan ziren Lekeitioko arraunlariak Kontxan, ‘Xagua’ bera txopan patroi zela orduan ere, eta 26 urtean sartzeko muga horretan geratu izan dira. «Eskifaia erdia jaio ere ez zen egin gu azkenengoz Kontxara sartu ginenean. Taldeak lan handia egin du, eta merezi izan du egindako lanak», aipatu zuen ‘Xaguak’ bere aldetik, bera ere oso hunkituta. Irribarrea, nolanahi, ez zen Lekeitioko traineruaren ingurura mugitu. Joseba Fernandez entrenatzailearen eskutik, San Juanek elitera itzuli den urtean Kontxarako sailkatzea lortu du, atzoko «beldurraren estropadan» seigarren denborarik onena egin ondoren. « Lesioek arrastaka erabili gaituzte tarte batez, eta zalantzak izan ditugu, talde gaztea dugulako. Baina gure lanari esker, traineruari tankera hartu diogu eta sailkapen estropadara nahi bezala iritsi gara. Gainera, guk nahi genituen baldintzetan egin dugu arraunean, eta gogo handia zuen herriak Kontxara iristeko, zortzi urte pasatu eta gero», adierazi zuen Joseba Fernandezek berak, irribarreari ezin eutsita. BIZKARREKO MINEZ Normalean ez zaie hainbeste jaramon egiten seigarren eta zazpigarren denborarik onenei, baina Kontxako Sailkatze Estropadan hauek izan ohi dira pozik handiena hartzen dutenak. Dena dela, Kontxako igandeetara begira, Urdaibaik Orio gainditu izana akaso erreferentziatzat hartzerik izango da, batez ere Bermeoko traineruari begira, Eusko Label Ligan ez bezala, eskifaia osatzerako orduan harrobiko arraunlarien kupoekin mugarik ez baita izango. Bi metrotik gorako olatuak eta ipar-mendebaldeko haizea, tarteka 30 kilometro orduko ufadak botaz; asteazkenean baino are itsaso nahasi eta zikinagoa aurkitu zuten lehian aritu ziren 21 ontziek. Bezperan emakumeekin ez bezala, faboritoek aurreneko txandan atera beharra izan zuten. Uretan ikusitakoaren arabera, sorpresarik ez, baina bizkarreko min galanta bai. Urdaibai eta Orioren atzetik, Zierbena sailkatu zen hirugarren, ziabogaren ostean Aitor Lazkano patroiak akats bat egin eta gero. Ostean sailkatu ziren Hondarribia eta Getaria, hurrenez hurren. Urduritasuna han hasi zen, San Juanek eta Lekittarrak luze itxaron behar izan baitzuten Kontxa barruan izango ote ziren jakin arte. Lehertu zen festa beraientzat ere, azkenean. Txanden zozketarekin amaitu zen «beldurraren estropada». Hala, aurreneko txandan -eguraldi aurreikuspenen arabera, txandarik egokiena- Orio, Getaria, Zierbena eta Urdaibai izango dira lehian, eta bigarrenean, berriz, Lekittarra, Hondarribia, Donostiarra eta San Juan.