GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Kirola versus erlijioa?


Suak gure arreta ere suntsitu baino lehen, eta Israelen genozidioaren eta nazioartearen pasibotasunaren erdian, Jumillako Udaleko udal-bozeramaile batek ohartarazi zuen udal-kiroldegiko jarduerak arautu behar zirela, «udalerriko kirol-jarduera handiegia delako». Horregatik, udal korporazioak erabaki du kiroldegian antolatuko diren jarduerak kirol arlokoak baino ez direla izango aurrerantzean.

Gehiegikeriak neurriz kanpokoak direla esan ohi dugu. Kirola, neurriz kanpo, gehiegikeria izan daiteke osasunarentzat ere. Baina badirudi udalbatzako alderdi politikoek erabaki hau ez dutela hartu herritarren osasunak eragin dien kezkagatik. Ezta gizarte-osasunean izango duen eraginagatik ere.

Gure herriek hainbat aldaketa sumatu dituzte azken mendeetan. Gure artean herriak hiri bihurtu ziren harresi baten eraikuntzaren bidez. Harresi horren kanpoan bizi zirenak «kanpotarrak» ziren, eta baimena behar zuten sartzeko.

Garapentzat hartu genuen harresia suntsitu eta sarrera zabal eta askea lortu genuenean. Hobekuntza nabariak lortu genituen harresirik gabeko hirietan bizitzen, nahiz eta biztanleak bizikidetza honetara moldatu behar izan eta elkarbizitza berri baterako berrantolatu beharrean ibili oraindik.

Herrien eta hirien egitura hiritarrei, biztanleei eta bisitariei zerbitzu egokia eman nahian antolatzen joan dira. Jakin badakigu gure bizitokiak ez direla beti era orekatuan antolatuak izan. Desoreka pertsonen artean izateaz gain, ingurumenarekiko ere desoreka nabaria da.

Jumillan, bertako biztanleak, otoitzerako toki zabal bat behar izan dutenean izan dira kiroldegia erabili dutenak orain arte. Egun hauetan, ikusi dugunaren arabera, fedea adierazteko era erlijiosoa harresi bilakatu dute udal gobernutik.

Hirietako harresiak «botatzen» joan ziren heinean, legeak askatasuna bermatzeko zirela aldarrikatu eta gauzatzen joan ginen, neurri batean behintzat.

Erlijio askatasuna Giza Eskubideen araudian 18. artikuluan jasota dago, espainiar Konstituzioan 16. Artikuluan badu bere aitorpena eta Euskadiko Erkidegoan tokien, kultu-zentroen eta erlijio-aniztasunaren legea onartuta dago. Ez dira pertsona guztientzat baliagarri izango aitorpen hauek, ezta erabilgarriak ere. Pertsona batzuek ez dute erlijio askatasuna beharrezkoa ikusten, askatasunarekin talka egiten omen duelako erlijioak. Izan liteke. Baina ez dago talderik, ezta pertsonarik ere, zilegi diren legeen gainetik jar daitekeenik. Erlijioen eta sinesmen anitzen arteko elkarbizitzarako gaitasuna berreskuratzeko garaiak dira gureak.

Noiztik kirola eta fedea talkan? Noiztik kirol gehiegikeria erlijio askatasunaren murrizketarekin konpondua? Sinetsi, ikusteko.