2025 IRA. 11 «Akabo» eleberria ondu du Mintegik, traizioaren ondorioetan aztarrika Sheenak baratxuri zopan pozoia bota eta bere bikotekide Manu hil du. Horixe du abiapuntu Laura Mintegiren eleberri berriak. Atzo goizean aurkeztu zuen idazleak «Akabo» izenburupean Txalaparta argitaletxearekin plazaratu duen lana. Hogei urte zeramatzan Mintegik nobelarik argitaratu gabe, eta gustura idatzi duela kontatu zuen, oraindik egunero pertsonaia horiekin gosaltzen duela aitortuz. Laura Mintegi, «Akabo» eleberria aurkeztu berritan. (Andoni CANELLADA | FOKU) IRAITZ MATEO DONOSTIA Jakin-min batek bultzatuta hasi ohi da Laura Mintegi (Lizarra, 1955) idazten. Oraingoan «komunikazio ezak muturreko egoeretara nola eraman gaitzakeen» hartu du akuilu, “Akabo” eleberria idazteko. Aurreko eleberri “Ecce Homo” (Txalaparta, 2009) ondu zuenetik ia bi hamarkadara argitaratu du Txalapartarekin, eta atzo aurkeztu zuen kazetarien aurrean. Iñigo Satrustegi editoreak azpimarratu zuen Mintegik ahal duenean psikologia hizpidera ekartzen duela, eta eleberri honetan ere nabari dela. Izenburua «erakargarria, konpaktua, deigarria eta iradokitzailea» da, editorearen esanetan, eta liburuaren mamia ongi laburbiltzen omen du. Lehen orrialdeetan kontatzen da Sheenak bere bikotekide Manu hil duela, «egoerak gainezka eginda», eta hortik abiatuta sartuko da irakurlea harreman horretan, Eskozia, Euskal Herria eta Katalunia zeharkatuz. Satrustegik azaldu zuen orainaren eta iraganaren artean «saltoka» ibiliko dela irakurlea, egitura paraleloa duelako eleberriak, bikotekidearen harremana ezagutzeko iraganera joz, eta Sheenak parean hilotz duen senarrarekin egingo duena orainean biziz. Hilketatik abiatuta landuko dira bikote harremanen gaia eta komunikazio edo komunikazio ezarena, bereziki. Baina baita familia harremanak edota hizkuntza gutxituak ere, protagonista hizkuntzalaria baita. Traizioa da, Mintegiren ustez, 352 orrialdeak zeharkatzen dituen beste gai bat. KOMUNIKAZIOA, ESKUZABALTASUNA «Beti pentsatu izan dut, nahiz eta berriki ipini dudan hitzetan, sakoneko edozein harreman, ez du ardura maitasunezkoa izan, lagunartekoa edo laborala, komunikazioan oinarritu behar dela, komunikazio zintzoan. Elkarri adierazi eta elkarri entzun behar zaio, eta entzuten denari erantzun, ez norberak duen diskurtso propioari; eskuzabaltasun maila altua dago komunikazioan», hausnartu zuen eleberriaren muina azaltzean. Gaineratu zuen egungo gizartean, ustez inoiz baino komunikatuago gaudenean, inoiz baino handiagoa dela inkomunikazioa: «Uste dut geroz eta zekenagoak garela, geroz eta eskuzabaltasun gutxiago daukagula, eta hortik dator elkar ezin ulertzea. Nabarmena da geopolitikan, eta nabarmena da giza harremanetan». Lacanen esaldi bat izan da eleberri osoan Mintegiren motorra, eta azken hiru-lau urteetan lagundu diola esan zuen: «Maitatua urrunegi doanean, bere buruarekiko traizioan eta bere buruaren engainuan irauten duenean, maitasunak ez dio gehiago jarraitzen». PERTSONAIEKIN GOSALTZEA Mintegik ohartarazi zuen bere nobelak hausnarketetatik abiatzen badira ere, pertsonaiek pisu handia dutela. Eta pertsonaia horiei subjektu izaera ematea garrantzitsutzat jotzen du: «Hori dago nire nobela guztietan; momentu batean badago prozesu estugarri bat eta indibiduoak lortzen badu horri erantzun bat ematea subjektu bihurtzen da». Papereratu aurretik asko mamitzen ditu pertsonaiak; «nire etxeko bihurtzen dira pertsonaiak, nirekin gosaldu eta bazkaltzen dute», esan zuen. Ondo ezagutu ondoren idazten du, «pertsonaiek bizitza propioa duten momentuan». Orrialde kopuruz luzea izan badaiteke ere, «arin» irakurtzen dela esan zuen, edo hala esan diotela behintzat ingurukoek, «jakin-minez» azkar irakurtzen dela. Badira ia bi hamarkada Mintegik eleberririk argitaratzen ez zuela, baina idazten aritu da urte hauetan; «auto-kontsumorako» argitu zuen. «ECCE HOMO»2009koa da Mintegiren aurreko eleberria, «Ecce Homo», eta Txalapartak hori ere berrargitaratzea erabaki du. Laster egongo da liburu- dendetan.