GARA Euskal Herriko egunkaria

Galdakao, Lezo eta Egia auzoa, udazkenera arte luzatzen diren jaiak

Santakurtzak, Santakrutzak eta Porrontxoak, izen propioak dituzten jaiak ospatuko dituzte Galdakao, Lezo eta Donostiako Egia auzoan. Hain justu udako azken egunera arte, irailaren 21era arte, luzatuko dira guztiak, udazkenerako saltoa indarrarekin egiteko. Hasten lehenak Galdakaokoak izango dira, gaur bertan, eta bihar hasiko dira Lezokoak. Egian astelehenean hasiko dira.

Galdakaoko iazko txupinazoko une bat. (Monika DEL VALLE | FOKU)

 

GALDAKAOn hasiko dugu datozen egunetako jaietako ibilbidea. 20.30ean Ibon Lopez de Letonak pregoia irakurriko du, eta Garbiñe Sagarduyk txupinazoari sua emango dio. Horrekin batera, irailaren 21era arte luzatuko diren Santakurtz jaiei hasiera emango zaie. Guztira, 147 jarduera antolatu dituzte Udala eta herriko elkarteen artean, ohiko kontzertu eta antzerki emanaldietatik hasita, haur zein helduentzako propio pentsatutako proposamenetaraino, Udalak jaiei eman nahi dien izaera anitz eta inklusiboa islatuz.

Kontzertuei dagokienez, 32 musika emanaldi izango dira 10 eguneko jaietan. Nagusiak Ardanza parkean izango dira bi ostiral eta larunbat gauetan: Su Ta Gar, Süne, Puro Relajo eta Tanxugeiras. Horien aurretik, herriko taldeak ere arituko dira eszenatoki berean: Rewinder Rock Band, Joana Exposito, Iñigo Llames eta Koiu.

Orkestrak ere izango dira, mariatxiak, txistulari banda eta Da Capo musika banda. Kale animazio berezia izango da aurten: bere osotasunean emakumeek osatutako bi fanfarre arituko dira Galdakaoko kaleetan; Asturiasetik etorriko da bat eta Madrildik bestea, kaleak alaitu eta emakumeen presentzia kaleetan bisibilizatzeko.

Hainbat generotako 14 antzerkien artean, pailazoak eta magoak izango dira, Deabru Beltzaken kalejira piroteknikoa eta, bereziki aipagarria, “De tu a tu” zirku inklusiboa.

Herriko elkarteek beste 48 ekintza prestatu dituzte: kirol jarduerak, gastronomikoak, eta sormenarekin, jolasarekin eta dantzarekin lotutakoak. Bestalde, ume eta gazteei zuzendutako 39 ekintza jasotzen ditu programak.

Herriko adinekoei zuzendutako jardunak ere egongo dira; arrakastatsuenen artean daude nagusien olinpiadak, herri bazkaria eta mariatxiak. Galdakoztar guztiek jaiez gozatzeko aukera izan dezaten, hainbat ekintzetara joateko akonpainamendu zerbitzua izango dute aurten ere etxez etxeko laguntza zerbitzua jasotzen dutenek: Alkarbatera zerbitzua.

Beste bi ekimen nabarmen ere badaude: Sold Band talde palestinarraren emanaldia, ikuskizun bereziaz gozatzeko aukera eskaintzeaz gain elkartasuna adierazteko aukera ere ematen duena, eta herriko memoria historikoa ezagutarazteko helburua duten bisita gidatuak.

Jaietatik modu seguruan bueltatzeko aukera, berriz, autobus bereziek emango dute. Horrez gain, Puntu morea txosnagunean jarriko da.

Kuadrillak elkartzeko hiru txapelketa antolatu dituzte: kuadrillen arteko XXIII. Txapelketa, denetariko 38 froga dituena; III. Txapelketa Ttipia, lasaiagoa eta 8 frogekin bakarrik; eta Gazte kuadrillen txapelketa, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako.

LEZOn Santakrutz jaiak bihar, irailak 13, hasiko dira. 19.00etan alkate txikiek izango dute festei hasiera emateko ardura, eta jarraian Murixkako dantzariek agurra eskainiko diote jaiei izena ematen dien Gurutze Santuari.

Horren aurretik, berriz, munduan gertatzen ari denari so egingo diote, eta Palestinarekin elkartasuna adieraziz, manifestazioa egingo dute 18.00etan hasita.

Datozen egunetan, dozenaka jarduera izango dira herrian gaztetxo zein helduenentzat, «jai anitz, inklusibo eta aberasgarriak bizi ditzakegu, eta hori Santakrutzak antolatzen ibiltzen diren herriko eragile eta norbanako guztiei esker izaten da. Urte osoan eta bereziki azken hilabeteetan Jai Batzordean parte hartzen duten lezoarrei eskerrak eman nahi dizkiegu».

70 ekitaldi baino gehiago biltzen ditu aurtengo egitarauak. Ohiko danborrada (irailak 13), herri bazkaria (irailak 14), kalejirak, haur eta gaztetxoenentzat jolasak, herri kirolak, musika, antzerkiak eta askoz gehiago izango dira jaiek iraun bitartean.

EGIA AUZOAn, Donostian, amaituko dugu ibilbidea, bertan Porrontxo jaiak ospatzen baitira. Irailaren 15ean hasi eta 21ean amaituko dira, eta tarte horretan denok ondo pasatzeko aukera eskaintzen duten hamarnaka jarduera antolatu dituzte modu herrikoian; hain justu horregatik dira hiriko jairik kuttunenetakoak.

Bi txupinazo izango dira, irailaren 18an, lehenik, haurrena, Porrontxo eta Porrontxa erraldoi alai eta buruhandien laguntzarekin; eta gero, orokorra, non Gordegia artxibategi grafikoko ordezkariak izango diren pregoilariak.

Haurrentzako hainbat jarduera prestatu dituzte, tartean, apar festa, jolasak, tailerrak, patinete eta bizikleta festa, entzierrikoak, ikuskizunak, puzgarriak, pailazoak eta piñata jaia.

Auzoko bizilagun guztiek batera gozatzeko moduko ekintzak ere sartu dituzte egitarauan, adibidez, holi festa, txirrista erraldoia, karaokea, dantzaldia, zezensuzkoa, danborrada, bingoa edo zumba. DJak eta zuzeneko festa ere ez dira faltako.

Jarduera gastronomikoei dagokienez, talo tailerra, txokolate jana, eta ardo eta sagardo dastaketak ere izango dira.