GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Politika poliedrikoa da


Kirola eta politika ez dira nahastu behar, batzuen ustez sikiera! Usteak ustel, honetan ere! Estatuaren tourra egiten ari den Vueltako girora begira esan dute hori. Nago arazoa ez dela soilik kirolaren gainean duten ustea, hori baino gehiago dela, okerrago ere, artaburu horiek politikaz duten ustea. Ez dira gauza ulertzeko zentzuzko politikak herri baten den-dena hartzen duela, oraindik nazio aitortua ez den edozein herrirena ere bai. Bai, osoa delako, ohetik altxatzen garenetik oheratzen gareino, eta ohekoa bera ere. Dena, demontre! Ez dira gauza ulertzeko erakundeak eta siglako formazio politikoak politikaren zati baino ez direla, unean-unean eta lekuan-lekuan egiten dugun guztiak ematen diola osotasuna, nahiz eta sarri geure burua politikari hartu ez! Baina izan bagara, oharkabean bada ere! Kultura falta agerian, museo asko egonda ere!

Zertara zetorren hau? A, bai, kirola eta politika ez direla nahastu behar. Bada, bai, demonio! Oso honek zati hura hartu behar du barne, koherentziaz. Ez nago esaten diputatuek txandalaz eta dortsala paparrean joan behar dutenik Kongresuko bilkuretara, ez eta propaganda agerian ikusgai ere… baina bai sartu egin behar dela kirola politikaren poliedroaren aurpegi batean. Hortaz, Vueltako bideetan gauzatzen ari den giza politika ematen ari zaio kirolari askotan izan ez duen duintasuna. Gauza bat da ziklismoan profesionala izatea eta beste bat mertzenarioa; biak zein biak ari dira soldata baten menpe lanean, baina zein leku dauka etengabeko duintasunak hileroko lansarian?

Halere, zati den politika ofizialean, futbol profesionalean ez bezala, fitxaketek ez dute muga-datarik. Horra EAJ-BMWren Ortu et Erko entziklikako batek ez dakit nongo P bateko WCra joan berri dela, aholkulari, jakina! Edo misiolari, auskalo!