2025 IRA. 17 Euskarazko baliabideak eskaintzea du xede «On.eus» atari jaio berriak Hainbat elkarte eta erakundetako ordezkariak bildu ziren atzo Baionan, «www.on.eus» webgunea aurkezteko. Mintzalasai festibalaren denbora probestuz, atari partekatu hori sortzera eraman dituen bost urteko lan ibilbidearen berri eman zuten. On.eus plataformaren aurkezpen agerraldia. (Guillaume FAUVEAU) Oier IRIARTE BAIONA On.eus-ek euskararekin zuzenean lotura duten pertsonen beharretara egokitutako laguntza eta baliabideak proposatzea du helburu. On! Piztu elkarteak eta Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) bultzatutako proiektu honetan bertze 49 eragilek, erakunde publiko zein elkarte, parte hartu dute. Europako FEDER eskualde diru-funtsekin eta EEPk berak eginiko ekarpenarekin diruztatuko dute. Edonola ere, egitasmoa diagnostiko kolektibo baten emaitza dela nabarmendu zuten agerraldian. «Euskararen biziberritze prozesua elikatzeko, bakoitzak eduki ugari sortzen eta zabaltzen ditu. Baliabideak existitzen dira, baina sakabanatuak direla ikusirik, plataformak eduki horiek bildu, sailkatu eta herritarren esku ezartzen ditu», azaldu zuten. 2023. urtean abiatu zuten proiektua, eta ibilbidean karta editorial bat ere idatzi du, «ahalik eta jende gehienak gune honen izpirituarekin bat datozen artikuluak idatz ditzan». Aurkezpenean On! Piztuko langileek azpimarratu zutenez, «dena elkarrizketa eta lankidetza bidez egin da». Hala, lau publiko motari bideraturiko ataria prestatu du batzordeak: haur euskaldunak dituzten gurasoak, euskara ikasten ari diren helduak, euskaraz bizi nahi duten euskaldunak eta euskaraz jakin ez arren hizkuntzarekiko interesa duten erdaldunak. Hori dela eta, publiko bakoitzak bere beharretara egokitutako artikuluak, aholkuak, bideoak edota tresna praktikoak aurkitu ahal izanen dituela gaineratu zuten. Elkarteko langilea da Arantza Egiguren, eta adibide praktikoak eman dizkio Kazeta agerkariari: «Guraso erdaldunentzako artikuluak haurrei etxeko lanekin laguntzeko; gurasoak euskaldunak direnean, haurrei hizkuntzaren transmisioan laguntzeko baliabideak edota euskarazko marrazki bizidunen atala». Urtea bukatu aitzin, hilabetero webgunean atal berriak gehituko dira; bertzeak bertze, euskarazko arreta bermatzen duten zerbitzuen aurkitegi oso bat, “Euskaraz goza” izeneko atala, berripaper bat eta podcastak. Baina, horretaz gain, egoera jakin batzuetarako (urtebetetzeak, Eguberriak eta abar) baliagarriak izanen diren musika erreprodukzio zerrendak eta familia edo lagun artean planak euskaraz egiteko proposamenak ere jasoko ditu atariak. Hori guti ez, eta zenbait euskaltzaleren kronikek aberastuko dute webgunea hilabetez hilabete. Bestalde, sare sozialetarako eduki bereziak sortuko dira, «euskararen inguruan dinamika bateratzaile, interaktibo eta bizi bat sortzea» helburu. EZ DA AKTUALITATEA LANDUKO «Informazio argia eta irisgarria proposatu nahi dugu», azpimarratu zuten proiektuaren sustatzaileek. Eta «Coaching linguistikorako» eremua izanen dela jakinarazi zuten: «On.eus ez da ez aktualitate webgune bat, ez iritzi blog bat, baizik eta plataforma pedagogiko bat. Tonu anitzetan idatzitako testuak eskainiko ditu. Sakonagoak diren artikuluak zein arinagoak direnak, euskara umorez ere bereganatzen dela erakutsiz». EGINKIZUNAK«Euskararekiko sentsibilizazioa EEPk daraman hizkuntza politikaren ardatz nagusia da», oroitarazi zuen Maider Behoteguy lehendakariak. Hain zuzen, hizkuntzaren erabilerarako hiru eginkizun zerrendatu zituen: «Atxikimendua, desira eta motibazioa».