2025 IRA. 19 KOLABORAZIOA «Zuk zer dezu, Arantzazu?» Jose Ignazio ANSORENA Zuk zer dezu, Arantzazu, amets-kabi, otoitz leku? Haurretan gure aitak zuzentzen zituen koruek funtzio erlijiosoetan Salbatore Mitxelena frantziskotar poetaren testua duen abesti hau kantatzen zutenean, oilo-ipurdia jartzen zitzaidan. Ederra, hunkigarria, sarkorra… Arantzazuko basilikaren lehen harria jarri zenetik 75 urte bete dira oraintxe. Euskal kulturarentzako oinarri sendoa ezarri zuten, noraino iritsiko zen konturatu gabe. Baina askozaz lehenagotik ere, XVI. mendetik, Arantzazu euskal espiritualitatearen eta euskal musikaren gordailu eta euskarri izan da. Arantzazu gehiagoren beharra dugu. Irailaren 9an ospatu da Arantzazuko Ama Birjinaren festa, 12an Estibalizkoa eta 8an Korukoa, Arratekoa, Artziniegakoa, Uxuekoa, Sokorrokoa, Guadalupekoa… Azken honen babespeko batzuk urtero gerra ematen jarraitzen dute setakeriaren Alarde bihurtu duten horretan. Mariari berari ez liokete Alardean parte hartzen utziko. Hobe lukete, hark aingeruaren aurrean izan zuen jarrera hartuko balute. Prest izatea datorrenari ongi etorri egiteko. Jesusen amaren inguruan ebanjelioek diotena ulertzea zail gertatzen zaigu XXI. mendekooi. Idazketa mitiko-profetikoa erabiltzen dutelako. Baina horren aurrean horren eszeptiko eta Pello (edo Peio?) Reparazek 2026rako San Mamesen antolatutako “Mitoaroa’-k ez dakit zenbatgarrenerako sarrerak hiru ordutan agortu. Pozgarri gertatu zait Hondarribiko egun handiaren berriak irakurtzea. «Alarde tradizionala» deitzen duten horretako partaide batzuk Gernikako Arbola jardinetara azaldu eta Jaizkibel Konpainia txalotu ere egin dute. Bikaina, baina gehiago egin beharko dute buruzagi kaxkamelon batzuen eraginez, herri jator horren irudia urtero eta txarrerako prentsan berriro ager ez dadin. Julio Caro Baroja antropologoak idatzitakoa gogoraraziko diet: «Belaunaldi bakoitzak uste du lehena dela tradizioa aurkitzen, baina tradizioa etengabeko elkarrizketa da oinordetzan jasotakoaren eta asmatutakoaren artean». Agian alkategoaren dekretuak baino eraginkorragoa izan liteke ustezko tradiziozale horiei Caro Barojaren liburu batzuk erregalatzea ea irakurtzen dituzten. Zalantza sortzen zait, ordea, irakurketaren ondorioei buruz. Maria Pombo espainiar influencer ezagunak saltsa polita antolatu du. «Uste dut hasi behar dela gailentzen irakurtzea gustatzen ez zaion jendea badela. Eta, gainera, ez zarete hobeak irakurtzea gustatzen zaizuelako». Astindu ugari jaso ditu, baina neurri batean harekin bat nator. Asko irakurritako txotxolo ugariak ezagutzen ditudalako eta maila goreneko pertsona jakintsu ugari bi lerrotik gora inoiz irakurri gabeak. Arturo Perez-Reverte espainiar idazle famatuak ba omen du letren ezagutza eta jabetza, esaterako. Berak uste duena baino gutxiago, hala ere. Eta egunetik egunera puntuak lortzen ditu harroen txapelketan lehen postuetan geratzeko. Hauxe, haren esanetatik erakutsi didaten azkena: «Monarkia, Guardia Zibila eta futbola dira espainolak batzen gaituzten bakarrak». Hirurak ere tradizionalak. Donostian ere tradizio bihurtu nahi dute abuztuaren 31n azken urteetan antolatzen ari diren kanoikada eta borroka zirkua. Zarata apaldu beharko litzatekeen inguruan, burrunbaren festa. Udalaren laguntzaz. Eta danborrariek gerrazaleei egiten zieten iseka eta trufaren ordez, egun uniforme ponpoxo horiek jantzi eta puztu egiten dira. Amaia Bontigui donostiar fin eta langileak abiatu zuen adiskide batzuen laguntzaz egun horretako iluntzean egin ohi den oroimen ekitaldi hunkigarria. Ez zen edonor Amaia, Kiriko patroiaren biloba eta Gallet-en, donostiartutako eta Real Sociedad taldeko valentziarraren, emaztea. Donostiako Hiritar Merituaren Domina bazuen, ongi merezia. Aurten 10 urte hil zela. Eta urteurrenean Gallet ere joan zaigu. Abuztuaren 31 kalean bizi ziren. Egin diezaiegun omenaldi eta amaitu handikeria desegoki horrekin. Omenaldia Realak Kopa irabazarazi zion Toshacki egin dio, urre eta brillantezko domina eskaintzen. Baina emakumezkoen taldeak ere irabazi zuen, Gonzalo Arconada entrenatzaile zela. Haiei batere ez. Hor ere emakumezkoak bigarren mailan. Zein donoxtiarra naizen! Hainbeste kontu garrantzitsu munduan (erretzea tabernetako terrazetan, Errusiak Poloniari egindako harramazka, Espainiako Vuelta eta Israelgo taldea, Frantziako “macrondesastrea”, negozio handien handikiak Larry Ellison eta kuadrilla handiagoak egiten, Netanyahu hiltzailea gazatar gehiago akabatzen, estatubatuarrak berriro pertsonak barraketan bezala tirokatzeko zaletasunarekin…) eta ni Donostiako txikikeria txoroez ari. Arantzazura joan beharko, egun batzuetarako amets eta otoitz egitera. Baina Urbiako ostatua itxita, ez dakit animatuko naizen. Danborrariek gerrazaleei egiten zieten iseka eta trufaren ordez, egun, uniforme ponpoxo horiek jantzi eta puztu egiten dira