GARA Euskal Herriko egunkaria
Elkarrizketa
Marta Lopez de Guereñu
Eibarko jokalaria

«Pazientzia dut eta lanean zentrantzen naiz, horrela heltzen baitira gauzak»

Eibarrekin 16 urte besterik ez zituela debutatu zuen, baina bide luzea ibili behar izan du lehen talde gorri-urdinera iristeko. Hirugarren saiakeran Marta Lopez de Guereñuren (Eibar, 2003) urratsa irmoa izaten ari da. Filialeko fitxa mantentzen duen arren, jokalari eibartarra titularra izan da Ligako lehen hiru jardunaldietan.

(Monika DEL VALLE | FOKU)

 

Elitera iritsi zenetik, Eibarren gizonezkoen lehen taldean bezain zaila da emakumezkoen taldean jokalari eibartarrak aurkitzea. Ez da, beraz, harritzekoa zaleen txaloak areagotzea Ipuruan Marta Lopez de Guereñuren izena titularren artean adierazten denean. Eta salbuespena ohitura bilakatzen ari da, gazteak hasieratik jokatu baitu izan diren hiru jardunaldietan.

Taldeko eibartar bakarra izateak erantzukizuna handitzen du? Edo Lehen Mailan jokatzeak sortzen duenarekin nahikoa da?

Zer edo zer badago. Ilusioa batez ere. Baina betidanik sentimendu hori eduki dut. Familia eta lagunak hor ditut, zaleek ere gehiago babesten naute, neronek ere badakit bakarra naizela... Azkenean erantzukizun hori ere sentitzen dut.

Asko sentitzen ariko zara. Hiru partida, hiruretan titular. Espero zenuen?

Ez. Banekien lehen taldearekin entrenatuko nintzela, baina hortik jokatzera eta, gainera, titularra eta, ondoren, jarraitu... Lehena jokatu nuenean pentsatu nuen: «Bueno, ez naiz gaizki ibili». Eta gogo handiz lan egin dut nire mailari eusteko eta hobetzeko. Hala ere, sorpresa bat izan da hiru partidetan.

Nola sentitzen ari zara? Kanpotik progresio bat ikusten zaizu. Batez ere azken partidan ikusi zintugun ausartago, lotsagabeago...

Pixkanaka banoa. Maila oso exijentea da. Moldatu behar zara, zure zalantzak dauzkazu... Jokatzeak eta ondo sentitzeak konfiantza ematen dit eta, nahiz eta argi eduki gauza asko hobetu behar ditudala, astez aste konfiantza handiagoarekin sentitzen naiz. Gainera, alde batetik, entrenatzaileak zelaiaren hirugarren zati horretara heltzea eskatzen digu, eta ni filialarekin oso ohituta nago igotzen; izan ere, iaz alboko bezala bakarrik ez eta hegaleko bezala ere jokatu nuen, asko heltzen. Gustukoa dut. Baina, badakizu, hasieran dena pixka bat kontrolatuta eduki nahi duzu, eta gero gainerako guztia.

Lehenengo taldean debuta 16 urterekin egin zenuen, taldea Bigarren Mailan zegoenean. Ondoren filialera itzuli zinen. Hiru aldiz utzita joan zinen, eta iaz Lehen Mailan debutatu zenuen. Eta orain hasieratik titularra zara. Ia esan dezakegu hiru aldiz debutatu duzula.

Bai. Eta denak izan dira politak eta bereziak. Bat aukeratzekotan, aurrenekoa aukeratuko nuke, hori izan baitzen debut ofiziala. Baina iazkoa ere polita izan zen, Lehen Mailan, Ipuruan; gainera, hurrengo partida Bartzelonaren kontra jokatu nuen hasieratik... Eta orain ere desberdina izaten ari da, eta oso pozik nago.

Baina oraindik filialaren fitxarekin. Ea noiz iristen den "laugarren debut" hori.

Ea ba. Iristen denean iritsiko da. Nire lehen helburua lan asko egitea da, eta jokatzen badut, ahalik ondoena egiten saiatzea eta taldeari ahalik gehiena laguntzea. Eta horrek zer edo zer ekarri behar badu, ekarriko du. Oinak lurrean ditut eta lanean zentratzen naiz, lan egiten lortzen baitira gauzak. Ez dut pentsatzen zer izan daitekeen... Pazientzia dut.

Agian bide luzea egin behar izan duzulako honaino iristeko, 22 urte besterik ez izan arren? Esan dugu oso gazte debutatu zenuela, baina ondoren hiru lagatze etorri dira, filiala... Bidea luzea eta gogorra izan dela esango nuke.

Luzea baino, gogorra izan da, batez ere lagapenengatik. Azkenean etxetik irtetea kostatu egiten da. Gainera, ez ziren urte osoak izan, ez nituen minutu asko eduki ere, eta ikasketekin moldatu behar duzu...

Denborarekin ikuspuntua aldatzen da? Esperientzia horiek gogortzat baino, lagungarritzat har daitezke?

Bai, zalantzarik gabe. Bizi behar izan ditut puntu honetara heltzeko. Esperientziek beti laguntzen dizute. Zelaian, aldagelan, partidetan... Eta ez bakarrik kirol mailan, azken finean bizi esperientziak dira eta horiek baliatzen jakin behar duzu, maila guztietan ikasteko.

Granadan ere jokatu zenuen, utzita. Larunbateko aurkaria.

Bai, berezia egingo zait, gauza asko bizi izan nituelako han. Eszenatoki polita da, eta oraindik badaude nire taldekideak izandako batzuk. Konplikatua ere izango da, talde oso ona baita eta denboraldi hasiera ona egiten ari baitira.

Eibar nola helduko da?

Ondo gabiltzala uste dut. Oraindik ez dugu irabazi, hori ezin da ukatu, baina lana oso ona izaten ari da. Emaitzak ez heldu arren, zelaian ere ikusten ari dela uste dut. Horrela jarraituz gero, puntuak, lehen garaipena, gertu daude.

Puntu bakarra izan zen igandekoa, baina lehenbizikoa da. Eta, gainera, jaitsiera postuetatik irteteko balio izan du. Nabaritu da asteko lanean?

Bai, nabaritu da. Gainera, taldea hobeto aritu zen joko aldetik ere, eta hori guztia nabaritu da. Alaiago ibili gara. Aldi berean pixka bat amorratuta gaude irabazteko. Bi gauza horiek nabaritu behar dira zelairatzen garenean, hiru puntuak lortzeko lana, konfiantza eta amorrua dauzkagula.

Lehenbiziko gola sartu beharko duzue horretarako. Antsietatea sumatzen da?

Ez nuke esango. Ez dago obsesiorik, baina, bai, behar eta tentsio hori badaukagu. Nolanahi dela, lana ona izaten ari da, eta emaitzak ekarriko dizkigu. Granadara lehen golak eta lehen garaipena lortzeko asmoarekin eta ilusio guztiarekin goaz.