GARA Euskal Herriko egunkaria
NOUVELLE VAGUE

Zinemari idatzitako maitasun gutuna


Richard Linklaterrek bere ibilbide zinematografikoan etengabe josi ditu gai eta estilo jakin batzuk, hari fin baten moduan film batetik bestera eramanez. Haren obra osoaren gainetik dantzan ari den gai nagusiena denboraren igarotzea da: denborak pertsonaiengan uzten duen arrastoa eta eragina.

Zuri-beltzean filmatutako ‘‘Nouvelle Vague’’ proiektuak, Linklaterren ohiko filmografiatik zertxobait urruntzen bada ere, ikuslea beste lurralde interesgarri batera eramaten du: zinemaren historiaren bihotzera. Oraingoan denbora ez da gai nagusia, eta pertsonaien bizitza pribatuarekiko ikuspegia ez da aurreko lanetan bezain intimoa; hala ere, filma oso intimoa da zinemarekiko erakusten duen maitasunean.

Hitzaurre baten ondoren, ‘‘Cahiers du Cinéma’’ aldizkariaren erredakzioa ikusiko dugu, Parisko zinemazaletasunaren epizentroa, eta bertan Jean-Luc Godard (Guillaume Marbeck) agertzen da. Nouvelle Vague mugimendu frantseseko kide bakoitza aurkezteko ukitu umoretsua eta arina erabiltzen da. Zalantzarik gabe, casting-a da arrakasta handienetako bat: karikaturatik urrun, aktore guztiek lan aparta egin dute. Hortik aurrera, Linklaterrek 1959ko Parisera garamatza, Godardek zuzendu zuen ‘‘À bout de souffle’’ (espainieraz ‘‘Al final de la escapada’’) mitikoaren filmaketara. Aldi berean, Nouvelle Vague mugimendu frantsesaren jaiotzaren atzean gordetzen den istorioa aletzen du. Linklaterrek bere filma “making of historiko” gisa mozorrotu du. Han pizten da sormenaren eferbeszentzia, ekoizleekin izandako tentsioak eta zinemaren muina astintzeko ausardia. Teknika eta estetika berrien erronka horietan, mugimendu baten jaiotza marraztu da.

“Nouvelle Vague” zinemari idatzitako maitasun gutun ederra da.