2025 IRA. 24 SIGUE MI VOZ Irrati bidezko konexioa Gaizka IZAGIRRE HERNANI Nerabeentzako proiektu baten estreinaldia iragartzen denean, sarri berehala datozkigu burura sinesgarritasun gutxiko istorioak, estereotipo birziklatuekin sortutako pertsonaiak eta kalitate eztabaidagarria duten estetikak. Ez da harritzekoa: maiz kontsumo azkarrerako pentsatutako produktuak izaten dira, sare sozialetan milaka jarraitzaile dituzten aktoreen inguruan fandom-a sortu eta lortzeko diseinatuak. Zorionez, noizean behin molde hori hautsi eta bestelako bideak zabaltzen dituzten proposamenak agertzen dira. Horren adibide da “Sigue mi voz” filma. Klarak, osasun mentaleko krisialdi batean 76 egunez etxetik atera gabe egon ondoren, bere irratsaio gogokoena entzuten ematen du denbora: Kang-ek aurkezten duen” Sigue mi voz”. Lotura horretatik abiatuta, galdera bat sortzen da: maitemindu al daiteke irratian bakarrik entzun duen norbaitekin? Zalantza horrek eraginda ekingo dio Klarak bere beldurrak gainditzen ahalegintzeari. Filmaren publikoa nerabeak dira; pozgarria eta txalogarria da horiek ere kalitatezko produktuez gozatzeko aukera izatea. Pelikulak Klarak bizi duen antsietatea, izu krisiak, depresioa eta aldi baterako bakartze soziala fintasunez erretratatzen ditu. Halako filmetan sarri erabiltzen diren une emozional apur bat funsgabez betea dago, pornografia emozionaletik gertu, baina gutxienekoak dira, ez dute traba handiegirik sortzen. Klararen eta Kangen arteko hasierako lotura irratiaren bidezkoa izateak, ahotsa soilik entzunez, ohiko maitasun-harremanaz bestelako dimentsioa ematen dio istorioari. Ahotsa babesleku bihurtzen da, baita kanpokorako leiho ere. Berta Castañek eta Jae Wook, gainera, bikote bikaina osatzen dute.