2025 URR. 22 Donostiak «lehen mailako kanpin berdea» izango du Oriamendin Tokiko Gobernu Batzarrak Ecocamping Oriamendi S.L. enpresak Goiaztxiki Bidean lehenengo mailako kanpina (autokarabanena) eraikitzeko eskatutako obra lizentzia aldatzea onartu du. «Lehen mailako kanpin berde bat» aurreikusten dute, «ingurunean integratua». Autokarabanak udan, artxiboko irudi batean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) GARA DONOSTIA Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Ecocamping Oriamendi S.L. enpresak Goiaztxiki Bidean lehenengo mailako kanpina eraikitzeko eskatutako obra lizentzia aldatzea onartu zuen atzo. Aurrez Oriamendi Lorezaintza Gunea zegoen lursail horretan. Proiektu honek «lehen mailako kanpin berde bat» aurreikusten du, «ingurunean integratua, berdeguneetan, aisialdirako guneetan, kanpatzeko guneetan eta zerbitzuen eraikinean (dagokion terrazarekin) banatua». Lursailak 39.787 metro karratu ditu orotara, eta lau zatitan banatuko da. Zerbitzuen eraikinak eta bidearen paraleloan jarriz lortuko den gune urbanizatuago batek osatuko dute lehen zatia. Bigarrenean, berriz, autokarabanentzako eta camper furgonetentzako gunea ezarriko dute, non 80 partzela autokarabanentzat ezarriko diren (50 partzela gutxienez 50 metro karratukoak, eta 30 partzela, 80 metro karratu baino handiagoak). Horrez gain, beste 26 partzela camper ezarriko dituzte furgonetentzat. Hirugarren zatian ohiko kanpaldietarako zerbitzuen eraikinaren mendeko lursailak izango dira. Laugarren zatian, ostera, “Mobil home” delakoentzat esklusiboa izango da, 200 metro karratu arteko 32 lursailekin. Udalak nabarmendu duenez, garraio publikotik hurbil egotea eta ingurua hirigunearekin lotzen duen bidegorria alternatiba «eraginkorrak» lirateke erdigunera norberaren automobila erabili beharrik gabe sartu ahal izateko. SORLEKU PARKEA Tokiko Gobernu Batzarrak Sorleku parkearen egikaritze proiektuari dagozkion obren kontratazio espedientea onartu du, 756.172 euroko aurrekontuarekin eta bost hilabetean egikaritzeko epearekin. Marrutxipi aldean dago, 6.109 metro karratuko lursailean. Lursail horretako esku hartzearen helburua «alderdi horretako ingurumena eta gizarte erabilerak lehengoratzea da», batzarrak azken bileran ebatzi duenez. ARTIKUTZA Bestalde, Tokiko Gobernu Batzarrak Artikutzako Enobieta presa zerbitzutik kanpo jartzeko proiektuko obrak kontratatzeko espedientea ere onartu du. Lizitazio aurrekontua 1.599.389 eurokoa da, eta gauzatzeko epea zazpi hilabetekoa. Presaren etorkizunerako aukera posibleak aztertu ondoren, eta guneak ingurumenean eta biodibertsitatean duen garrantzia kontuan hartuta, 2022an presaren zati bat eraistea erabaki zen, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik irtenbiderik onena delakoan. 39.787 METROOriamendin 39.787 metro karratu izango dituen lehen mailako kanpina eraikitzeko baimena eskuratu du Oriamendi S.L. enpresak. 80 autokarabana eta 26 camper hartuko dituela aurreikusi dute.