2025 AZA. 01 KATEDRA Has daitezela Lau eta Erdiko finalerdiak! Ezkurdia jokatzeko prest dago. (Andoni CANELLADA | FOKU) GARA Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak iritsi dira, eta badirudi pilotariak sano eta fresko iritsiko direla, astebete aurretik gaixo kanpaiak jotzen aritu ostean. Altuna entrenatu ezinik abduktoreetako arazoen erruz, eskumuturrean kolpea Joseba Ezkurdiak... Herrenak eta besomotzak ikusi behar al ditugu final handira begira? Are okerrago, herrena besomotzaren aurka izango al da Lau eta Erdiko Txapelketako finala? Mekanoa hautsi gabe iritsiko al dira finalera, gutxienez, Ogeta eta Atano III.eko hil ala biziko lehia horietan gailentzen direnak! Hobe, agian, «hil ala bizi» idatzi ez bagenu, literalki baten batek ulertuko ote duen bestela... Eta, hala ere, Altuna eta Ezkurdia ditugu NAIZ Irratiko pilotako tertulia kideentzat finalerdiok eramateko faboritoak. «Ezkurdiari azkenaldian buruak huts egin badio ere, faborito ikusten dut, baina zalantza askorekin. Eskumuturreko minak ez ote dion zalantzarik eragingo», adostu dute Ion Garate kazetariak eta Haritz Jamar adituak irratian. Hala ere, Arbizukoaren eskarmentua Zabala finalerdi batzuetan debuta egiten duen pilotariaren aurka aurretik jartzen dute. «Egia da Zabalak ez duela presiorik eta sari galanta duela aurrean, baina presio falta horrek kalte egingo diola uste dut; eta Ezkurdiarena kolpea besterik ez dela ikusita, haren alde egiten dut», esan du Jamarrek, errioxarrari 11 tantoraino iristea kostatuko zaiola sinetsita. PARTIDA GOGORRA Jokin Altuna eta Peio Etxeberriaren artekoak pronostikoa ere garbia du Amezketakoaren alde, baina partida gogorra aurreikusten dute gure adituek. «Egia da 2023ko finalean aise nagusitu zela Altuna, baina gogoan izan behar da urte hartako final laurdenetan 20-22 edo halako zerbait Etxeberriaren alde izan zela emaitza. Donostiako finalerdiak ligaxkako partida harekin antz handiagoa izango du, finalak baino», izan da adituen kontsentsua. Hala, 16 tanto edo gehiago egingo dituela aurrelari zenoztarrak iritzi diote, baina betiere aste honetan «sentsazio onak» kolpetik berreskuratu dituen Altunaren aldeko hautua eginez, batez ere partidak aurrera egin ahala. Nolanahi dela, irakurle, ‘jokoa ez da errenta’ dio esaera zaharrak, eta NAIZ Irratiko gure tertuliak «hanka sartzeko arriskua» bistan omen dute. «Kinielak horretarako dira», diote. B Serieko finalerdiei dagokienez, Xabier Rekalde debutatu berria bada ere, inork baino konfiantza handiagoa ematen du.