2025 AZA. 01 Lau deabru guardako, Urtainen inguruan bueltaka Bernardo Atxagak “Enarak” nobela argitaratu berri du. Idazle asteasuarra 2019. urtetik prosarik plazaratu gabea zen, eta Urtain aizkolariaren bueltan dabiltzan lau deabru ditu protagonista obra berriak, baita Urtain aizkolari ezaguna ere, hura gorroto duen eta maite duen pertsonaia banarekin batera. Ohi bezala, Pamiela argitaletxearen eskutik plazaratu du liburua. Bernardo Atxaga, Bilboko Arte Ederren Museoan, nobela aurkezten. (Oskar MATXIN | FOKU) NEREA LAUZIRIKA BILBO {{^data.noClicksRemaining}} Artikulu hau irakurtzeko erregistratu doan edo harpidetu Dagoeneko erregistratuta edo harpideduna? Saioa hasi ERREGISTRATU IRAKURTZEKO {{/data.noClicksRemaining}} {{#data.noClicksRemaining}} Klikik gabe gelditu zara Harpidetu {{/data.noClicksRemaining}} Txoriek garrantzia dute Bernardo Atxagaren obran eta bizitzan, idazlearen beraren hitzetan, eta, beraz, ez da harritzekoa plazaratu berri duen nobelari “Enarak” izena eman izana. Hegaztiak, ordea, ez dira nobelako protagonistak, lau deabru guardako baizik. Ohikoagoak izaten dira aingeru guardakoak, baina deabruen bidez soilik esan daitezke idazleak liburuan jaso dituenak. Atxagak atzo Bilboko Arte Ederren museoan aurkeztu zuen Pamiela argitaletxearen eskutik atera duen nobela berria. Beste lan batzuetan buru-belarri ari zela sortu zitzaion Atxagari nobela idazteko ideia. «Hasi nintzen asteburuero zerura joan eta zeruan dagoen jendearekin hitz egiten», eta horrela hasi zen batzuen eta besteen arteko hartu-emanei erreparatzen. Eta bertan, «ia nahi gabe», aurkitu zuen deabru guardakoa: «Zeru horretan ibiltzen zen gordeka, ezkutuan». Atxagak ikusi zuen otu berri zitzaiona «normalean esan ezin diren gauzak» idazteko bitartekari ezin hobea zela, joko nahikotxo ematen ziona sortzaile gisa. Pertsonaiek egiten dute nobela bat, idazleak azaldu zuenez: «Pertsonaiarik gabe ez dago nobelarik. Ipuin batek ahots batekin nahikoa du, poemak ez du behar... Baina nobelak, bai». Horrela, nobelaren nondik norakoen berri emateko, pertsonaiak deskribatzeari ekin zion aurkezpenean. Lau deabru dira, lau deabru guardako, hain zuzen ere. Nork bere izaera propioa dauka, baina gaiztoak dira denak, eta immaterialak: «Airez eginda daude». Atxagak azpimarratu zuen liburuan datozenak haien pentsamenduak direla, ez bereak: «Pentsatzen badute nik zuzenean egile bezala hori esaten dudala, eskandalu bat izango da». Lau deabru horiek Urtain aizkolariaren, hura gorrotatzen zuen beste pertsona baten eta, kontrara, asko maite zuen pintore baten bueltan dabiltza liburuan. Hezur haragizko izatea duten protagonistak lur sail berean ehortzita daude, 25 urteko tartearekin. Izan ere, Atxagak azaldu zuenez, Urtainen inguruan idatzi nahia piztu eta haren hilobira bisitan joandakoan jakin zuen 25 urte igarota bertatik kendu eta beste norabait eraman dituztela gorpuzkiak. Hortik atera du denbora tartea; horregatik gertatzen da narrazioa 1992an, hots, Urtain hil zenean, 2017an eta 2042an. HAURTZAROKO TOKIA Aizarnazabalgo Arroa Gainan kokatu du kontakizuna. Atxagak ondo baino hobeto ezagutzen du inguru hori. Hain zuzen, bertan kokatu du Urtain aizkolariaren hileta, nobelari hasiera emateko baliatu duen gertaera, alegia. Idazleak azaldu zuenez, hainbat arrazoi tarteko egin du hautu hau: «Bata da pertsonala, ni jaio nintzen tokian harria, aizkora, belarra, idi proba... ohikoak zirelako, eta txikitan Urtain ezagutu nuelako. Bestea ideologikoa da. Nik uste nuen mundu hori estereotipoaren azpian zapalduta zegoela eta hortik atera behar nuela». Lau deabru eta hiru gizon, horiek dira liburuaren protagonistak, eta hezur haragizko protagonista bakoitzeko atal bat dauka nobelak. Atxagak azaldu zuen hasieran nobela Urtaini buruzkoa dela, baina, hura gorrotatzen duen pertsonaia protagonista bilakatutakoan, suspense bihurtzen da. Azkenean, aldiz, galeria itxura hartzen omen du, Euskal Herriko hainbat artista agertzen baitira. Lagunei omenaldia egin nahi izan die modu horretan, eta pozik dago emaitzarekin. Liburuaren azken hamar orrialdeetan 30 margolaritik gora aipatu ditu. PERTSONAIAKAtxagarentzat, pertsonaiei buruz hitz egitea da nobela baten nondik norakoak azaltzeko modurik egokiena, eta hori egin zuen aurkezpenean. Lau deabru guardako eta hiru gizon, horiek dira nobela berriko pertsonaia nagusiak.