GARA Euskal Herriko egunkaria

Jose Angel Agirrebengoa hil da, NBBko presidente eta Altsasuko alkate izandakoa

Jose Angel Agirrebengoa, 2010ean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jose Angel Agirrebengoa zendu da, EAJko Napar Buru Batzarreko (NBB) presidente ohia 2004tik 2012ra bitartean eta EBBko kidea. Igandean hil zen, denbora luzez gaixo egon ostean, Nafarroako EAJk atzo jakitera eman zuenez.

Altsasun jaio zen 1952an eta EAJren Asanblea Nazionaleko kide izan zen 1987tik 1991ra. Horren ostean, NBBko kide izan zen 2003ra arte, eta Altsasuko alkate, 1995etik 1999ra eta zinegotzi hainbat legealditan. Nafarroako parlamentari ere izan zen, Nafarroa Bairen eskutik 2007tik 2011ra.

Ogibidez nekazaritza arloko ingeniari teknikoa zen Agirrebengoa eta nekazaritza elikagaien sektorean jardun zen 1976tik 1991ra. Gero, 2003ra arte Lakuako Nekazaritza Sailaren mendeko Mendikoi enpresan landa garapen zuzendari aritu zen. Nafarroako untxi ekoizleen kooperatibako kide ere izan zen.

Horrekin batera, Altsasuko alkate zela, Araba eta Gipuzkoako beste zenbait herritakoekin batera, N-I errepidearen Etzegarate mendateko tartea konpontzeko eta zabaltzeko negoziazioetan parte hartu zuen. Altsasuko Udalaren ordezkaria izan zen landa garapenerako Cederna-Garalur elkartean.

HUALDE: «ESKUZABALA»

Unai Hualde NBBko eta Nafarroako Parlamentuko egungo presidente eta Altsasuko alkate ere izandakoak Agirrebengoaren «eskuzabaltasun eta ikuspuntua» nabarmendu zituen plazaraturiko ohar batean. «Horrelako pertsonei esker heldu gara heldu garen tokira», adierazi zuen.

Hualdek gaineratu zuenez, Agirrebengoa izan zen Nafarroan aldaketa politikoa lortu izanaren arduradunetako bat. «Apustu egin zuen iraganeko inertziak moztearen alde, etapa politiko berriak abiatzearen alde, ezin hobeto jakinda horrek zekartzan arriskuak», adierazi zuen NBBko eta Nafarroako Parlamentuko presidenteak.

Era berean, Hualdek azpimarratu du Agirrebengoaren «konpromisoa eta ausardia ezinbestekoak» izan zirela egun EAJk eta Geroa Baik Nafarroan duten «espazio politikoa errotzeko». Hala, bere esker ona adierazi zion NBBko presidente izandakoari.