2025 AZA. 05 NORK GOBERNATZEN DU INTERNET? EUSKAL KOMUNITATE DIGITALA, ERRONKA GLOBALAREN AURREAN Interneteko oihanean euskal komunitatea gal ez dadin Internet den oihan handi, global eta boteretsuan zaila da euskal komunitate gisa izan dezakegun funtzioa zehaztea. Oihan hori nork gobernatzen duen, nola eta guk zer egin dezakegun izan zuten eztabaidagai atzo Euskarabilduaren topaketetan, Ametzagaiñak, Iametzak eta Argiak antolatzen duten urteroko hitzorduan. Euskarabilduaren topaketak izan ziren atzo Donostiako San Telmon. (Andoni CANELLADA | FOKU) Iraitz MATEO GOGORZA «Gobernantza eta euskal komunitatearen papera sare globalean»; horretaz jardun ziren atzo, Donostian, Euskarabilduaren 14. edizioan. Internet, sare globala izanik, nolako gobernantza duen eta euskal komunitateak zein paper joka dezakeen izan zuten eztabaidagai, eta, itsaso oso zabala dela jakin arren, hizlari guztiak ados agertu ziren gure txikian parte hartzea sustatu beharko litzatekeela. Iametzako kudeatzaile Eli Pombok teknologia-burujabetza beharrezkoa dela esan zuen jardunaldien hasieran; «norberaren datuak babesteko, euskararen biziraupena bermatzeko, azpiegiturekiko menpekotasunak murrizteko… garai nahasi hauetan baieztapen horrek inoiz baino zentzu handiagoa duela dirudi». Manuela Battaglini abokatu, aholkulari eta ikertzaileak adimen artifizialaren inguruko politiken eta geopolitiken errepasoa egin zuen; ingurune digitalaren pribatizazio, espekulazio eta negozioa «Trumpen garaia» baino lehen hasi zela esan zuen, eta politika horiek neoliberalismoa indartzea eta herritarren datuekin negozioa egitea ekarri dutela. Itzalez eta munstro handiz betetako oihan horretan kokatzen da Icann instituzioa, eta Amadeu Abril abokatu eta .cat domeinuaren sustatzailea aritu zen Interneteko desgobernua antolatzeko zailtasunez. Zer da Icann? «Eztabaida foro bat da, domeinu izenen industriaren ordezkaria litzatekeena, autogobernantza eredu bat». Interesgarriena bertan gobernuak, industria horretako enpresak eta erabiltzaileak biltzen direla omen da. NON DAGO EUSKARA? Josu Waliño Puntueus fundazioko zuzendaria jardun zen Euskal Herriak ingurune eta instituzio horietan duen presentziaz eta presentzia ezaz. «Paper garrantzitsu bat dugu; Internet arautzen den eremu horietan aritzea; gure arautzea ere hor egiten da eta jakin behar dugu zer gertatzen den, eta gure komunitatearen ikuspegia ere eraman behar dugu». Interneteko gobernantzan hiru «eremu gako» daudela esan eta balantze bat egin zuen euskal komunitatea non dagoen eta non ez dagoen azalduz. Aipaturiko ICANNen kasuan, erregistradoreen tokian dago Puntueus fundazioa; domeinu geografikoen lantaldearen zuzendaritzan, hain zuzen ere. Baina estatuetako gobernuen lantaldean ez dago euskaldunik; «Lakuak ezin du berariaz egon, baina Estatu espainolak bideratu dezake ordezkari bat», argitu zuen. Erregistradorerik ez dagoenez, Euskal Herrian eremu horretan ere ez gaudela esan zuen, enpresek ere beren foroa dutela eta ez gaudela, ez eta erabiltzaileen foroan ere. Internet Gobernance Forum da, bere esanetan, egungo gobernantzarako bigarren eremua, eta, bertan Euskal Herriko foro propioa izan genezakeen arren «gure ikuspegitik eztabaidatu eta foro globalagoetan parte hartzeko», ez dugula azaldu zuen. ISOC edo Internet Society da hirugarren hanka; erabiltzaileak biltzeko, programazioan trebatzeko edota komunitateak ahalduntzeko ikuspegiarekin lan egiten du, baina horretan ere ez dago euskal herritarrik. Hori azaldu eta ondorio argia plazaratu zuen: «Industriatik, gobernutik edota gizarte zibiletik parte hartzeko baditugu eremu ezberdinak; garrantzitsua da parte hartzea. Egin dezagun». Gogoeta gunean Elixabete Garcia Lakuako eraldaketa digitalerako zuzendaria eta Aitor Soroa EHUko adimen artifizial eta hizkuntza teknologiako Hitz Katedrako zuzendaria aritu ziren. Soroaren iritziz, ikerketa ezinbestekoa da arlo honetan, «ezin duguna da euskararen arlo honetako garapena enpresa handi hauen esku utzi. Garrantzitsua da guk ere gure estrategia eta ikerketa garapena egitea». Bestalde, adimen artifizialaren «entrenamenduan» jarri zuen arreta: «Eredu hauek entrenatzean munduaren ikuspuntu bat izaten dute, lerrokatze bat egoten da, balioetan eta abarrean. Maila ertaineko gizaseme zurien arteko kultura islatzen dute». Garcia bat etorri zen arren, onartu zuen egun euskal komunitateak ez duela nahikoa baliabide tresnak «zerotik» abiatzeko eta, ondorioz, handiek egiten duten lana «gurera moldatzea interesgarria» dela. Bere ustez, hori izan daiteke abiapuntua, «egina dagoena gurera ekarri eta lana irletan ez egitea; baliabideak partekatu behar ditugu, federazioak sortu». Erronkaz betetako oihanean, euskal komunitate digitala presente egotea izan daiteke lehen urratsa. Abril: «Jabetza intelektualaz, dibertsitate kultural eta linguistikoaz ari naiz; ordezkaritza bat behar da munduak zu nor zaren jakiteko»