2025 AZA. 06 Musikaren bihotzak Ritxi AIZPURU Musika pentsalaria Aimar Cid musikariak jarri zidan abiapuntua: «Dirua tartean dagoenean bihotzetik ateratzen den hori ez da hain erreala, musikan…». “Dirua”-ren ordez “adimen artifiziala” jarrita esaldiak ez du txintik galduko. Beste hitz batzuekin ere probatu dut: botere harremanak, erlijioa, tentsioa, transfobia eta abar. Baliagarria da guztietan, eragin berberekin. Bihotzak mekanikoki funtzionatzen du, baina tentsioak transferitu egiten ditu burura, pentsamendura, gogoetara edo desiretara. Gorputzeko atal baten mugimendua gorputzeko beste atal baten zurruntasunak edo zurruntasunik ezak baldintzatzen du. Bihotzaren zurruntasunak edo zurruntasunik ezak burutik erabakiko dira. Buruak tentsio handiak baditu, zurruntasuna izango dugu. Beraz, kantuaren egilearen buruaren egoerak baldintzatuko du dena, baina ekuazio horretatik ezin dugu kendu kantuaren hartzailearen bihotzaren baldintza eta gogo-aldartea. Odei Barrosok dirua, bihotza eta boterea batzen ditu “Esaerak’’ abestian: “Pobreak huts du moltsa eta betea bihotza. Boterea dirua da eta dirua sistema”. Horregatik esango zaio “bihozgabe” edo “krudel” bihotzarekin jokatzen ez duenari. Baina krudel edo bihozgabeak uste du bihozbera dela. Ageusia duenak ez du dastamena sentitzeko ahalmenik. Bihozberatasun puntuarekin eginda, errealago egingo da melodian sinestea berau kantatzeko.