GARA Euskal Herriko egunkaria

Eskola jazarpenaren aurkako 522 protokolo abiatu zituzten iaz EAEn

Joan den ikasturtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan ireki zituzten protokoloen %23 eskola jazarpen kasuak izan ziren, hots, 522, Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera. Beraz, aurreko ikasturtean baino 364 kasu gehiago detektatu dituzte.

Eskola jazarpenaren kontrako mobilizazio bat. (David DE HARO | EUROPA PRESS)

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan Lakuako Gobernuaren Hezkuntza Sailak iaz irekitako 2.263 protokoloetatik %23 eskola jazarpen kasuak izan ziren. Guztira, 522 izan ziren detektatutako kasuak, Begoña Pedrosa buru duen sailak ohar baten bidez jakitera eman zuenez. Eskola Indarkeriaren eta Jazarpenaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta plazaratu zituzten datuak atzokoan.

Pedrosak adierazi zuenez, detektatutako kasuek eta ireki behar izan dituzten protokoloen gorakadak (aurreko ikasturtean baino 364 gehiago) «sentsibilizazio handiagoa, detekzio goiztiar gehiago eta hezkuntza komunitatearen prozedurekiko konfiantza handiagoa islatzen dituzte». Ildo beretik, Hezkuntza Sailetik nabarmendu zuten ikastetxeen, irakasleen, Ikuskaritzaren eta Berritzeguneen inplikazioak protokoloekiko konfiantza indartzen duela, eta ikasleen detekzioa eta laguntza hobetzen dituela.

Era berean, azpimarratu zutenez, EAEko ikastetxeek «azkar, diskrezioz eta koordinatuta» jarduten dute ikasleei entzuteko, ikasleak babesteko, esku hartzeko eta laguntza eskaintzeko. Sailaren arabera, jarduerok aukera ematen dute familia eremuko eta eremu pertsonaleko babesgabetasun egoerak goiz detektatzeko, bai eta, zentroan bertan, beharrezko laguntzak aktibatzeko zerbitzu espezializatuekin.

Edozein seinaleren aurrean, ikastetxeek berehala babes neurriak hartzen dituzte, erreferentziazko pertsona heldu bat izendatzen dute eta familiekin gertuko komunikazioa abiatzen dute. Halaber, ziurtatu zutenez, egoera bakoitzari erantzuteko esku hartze plan bat prestatzen da, banakako babesa eta taldearen gaineko jarduerak konbinatzen dituena, ikastetxeko harremanak eta bizikidetza berrezartzeko.