2025 AZA. 11 KOLABORAZIOA Baina nora goaz?! Antton ELORZA Hori da gure inguruan eta munduko hainbat tokitan gertatzen dena ikustean sortzen zaigun galdera. Duela egun batzuk Trump jaunak esan zuen Gazarako bere bake plana onartuz gero, Palestinaren eta Israelen arteko gatazka amaitzera bideratuko zela. Hala ere, hasieratik plan horrek mesfidantza handia sortu zuen, nahikoa baita nork egin zuen ikustea bere helburua bakea ez dela ulertzeko. Trumpek bere burua «bakegile» izendatu arren, ez da inoiz bake-gizona izan. Ezegonkorra, harroa eta harroputza izateaz gain, gerrazalea dela agerian geratzen da. Boterera iritsi zenetik egin dituen ekintzei erreparatu besterik ez dago: muga-zergen gerra, immigrazioaren eta latinoen aurkako borroka, NATOko estatu kideei gastu militarra handitzeko exijentzia, Groenlandiaz jabetzeko asmoa edota palestinarrak Gazatik kanporatzeko eta lurralde hori gune turistiko bihurtzeko mehatxuak, beste askoren artean. Antza denez, hainbat herrialde arabiarrek hasieran onarturiko eta gerora Israelek aldatu eta palestinarrekin inoiz negoziatu ez zuen Gazarako zuen plan horrek −Zisjordaniarako zer aurreikusten duen ere ez dakigu− hogei puntu ditu, Trumpek nahi bezala kudeatuko lituzkeenak. Puntu horiek palestinarrek onartu behar izan zituzten, bestela erabat suntsituko baitzituzten. Gatazka honek konponbide oso zaila du, denbora aurrera doan heinean bi herrien arteko sufrimendua eta, ondorioz, gorrotoa areagotzen ari baitira. Bi komunitateen arteko harremana larriki okertu da, hein handi batean NBEn ordezkatuta dagoen komunitatea ez delako bere erantzukizunen mailan egon. Israelek bere komenentzian jardutea ahalbidetu dute, su-etenak behin eta berriz urratuz, betiere Estatu Batuen laguntzarekin eta Europako herrialde askoren konplizitatearekin, zeinak aspalditik baitaude Ipar Amerikako herrialde ahalguztidunaren nahien mende. Azken hamarkadetan konpondu gabe egon den beste gatazka batek gertaera berri bat bizi izan du joan den astean. Estatu Batuen ekimenez, NBEren Segurtasun Kontseiluak Marokok Mendebaldeko Sahararako duen autonomia plana hartu zuen oinarritzat, irtenbide «justu, iraunkor eta elkarrekiko onargarri» bat lortzeko helburuarekin. Hala ere, ekimen horrek alde batera uzten du autodeterminazioaren bidea eta, jakina, erreferendum bat egitea, gainera, saharar herriaren ordezkarien parte-hartzerik gabe. Bi gatazketan Donald Trump da bere aliatuen −Israel eta Maroko− mesedetan konponbideak bultzatzen dituena, beste aldearen iritzia kontuan hartu gabe. Aldeetako bat mespretxatzeko eta mehatxatzeko denbora eskaini dion pertsonaia batek horrela jokatzea ez da harrigarria, ohiko jokabidea baita Trumpentzat ere. Benetan tristea dena da gainerako herrialdeak gai ez izatea esateko, alde batetik, gatazka horiek konpontzeko pertsona egokia ez dela eta protagonismorik ez duela zertan izan, eta, bestetik, alde guztiekin esertzeko eta inplikatu guztiek onartutako akordio bat lortu arte ez altxatzeko esateko. Horretarako sortu zen eta erakunde hori. AEBko presidentearen menpeko morroi gisa jokatzen duten agintari politikoen aurrean, herritarrok iniziatiba hartzea eta egiten ari direnaren aurka protesta egitea beste aukerarik ez da geratzen. Bestela berdin jokatzen jarraituko dute, eta munduak bere burua suntsitzen jarraituko du: demokraziak deuseztatuz, eta, beharbada, fisikoki suntsitzeraino. Erreparatu bestela hazten doan armamentu-norgehiagokari. Egiten ari direnaren aurka protesta egitea beste aukerarik ez da geratzen