2025 AZA. 11 Lana Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Kultur sortzaileari zaila egin ohi zaio berea lana dela ulertaraztea; alegia, ordu mordoa sartzen duela sorkuntza lan batean. Pio Barojak zioen nobela bat idazten bi urte ematen zituela eta jasotako lansariak ez zuela betetzen egindako ahalegina. Kontalaritzan, esaterako, hauxe litzateke lan bidea: ikuskariari gorputza emango dioten ipuinak bildu, horiek egitura autonomo gisa antolatu egitura osoarekin bat egin dezaten, eszenaratzea pentsatu, erabiliko duzun hizkera aztertu, nola irudikatu irudikatzen duzuna... Eta eremu desberdinetako sortzaileek, beren prozesua azalduz gero, antzeko bideetatik dabiltzala esango dizute. Hala ere, lana burutu ondoren inork ez dizu ziurtatuko jendearen arreta izango duzula edo sekulako arrakasta lortuko duzula. “Arrakasta” eta “arrastaka” letra berdinez osatutako hitzak dira. Zertarako hori guztia, ordea? Remedios Zafra idazleak ‘‘El Informe’’ liburuan idatzi du: «Irudikatzen baititugu kulturako langileak motibatzen dituzten langintza batean gozamen etengabean (...) baina kosta egiten da eguneroko entsegu-orduak, fakturazio gabeko aldiak, kotizatu gabeko garaiak ikustea». Sortzaileen lana zale gartsu batzuen jardun gisa ikusten den bitartean, nekez emango zaio gure jendartean duen garrantzia. Prekaritateak ‘‘Odisea’’ bertsionatzeko ematen du.