GARA Euskal Herriko egunkaria
LAU ETA ERDIKO TXAPELKETA 2025

Pilotekin gustura, Bilboko finalari igandea iristea falta zaio bakarrik

Biek ere pilota bizi samarrak aukeratuta, Etxeberria eta Zabala konforme zeuden materialarekin. «Partida fisiko eta gogor baterako» prest azaldu zen pilotari errioxarra, finala luzatzeko beldurrik gabe. Peio Etxeberriak, berriz, kaiolako hirugarren finala jarraian jokatu behar duelarik, behingoz txapeldun izateko beharrezkoa den «heldutasunera» iristen ari dela adierazi zuen.

Berehala aukeratu zuten Zabalak eta Etxeberriak finaleko materiala. (Aritz LOIOLA | FOKU)

2025eko Lau eta Erdiko finaleko atzera kontaketa finalerdiak amaitzean hasi zen, baina atzoko material aukeraketa egin ostean, ez dago esan beharrik kaiolako txapelketa bere fase erabakigarrian sartu dela. Bizkaia Arena pilotalekuak txapeldun berri bat ezagutuko du igande arratsaldean, Peio Etxeberria edo Javi Zabala. Pilotak hautatu ostean, biak nahikoa gustura eta materiala behar den bezala gordeta, azken entrenamenduak burutzea eta igandea noiz iritsiko, ez da besterik falta igandean pilotari biek buruz buru indarrak neur ditzaten.

Hasteko, biak konforme geratu ziren materialarekin. «Gustuko pilotak aukeratu ditut, beste egunetan bezala. Lehenbizikoa zarenean aukera gehiago duzu eta gaurko pilotekin, ados nago. Aurreko egunetan baino pilota gehixeago zegoen, baina tira, Jokinen -Altunaren- aurkako finalerdian aukeratu genituen piloten antzekoak izan dira gaurko laurak», azaldu zuen Peio Etxeberriak, bestelako komentariorik gehitu gabe.

Javi Zabalak, bestalde, nolabaiteko «harridura» azaldu zuen, «Peiok pilotarik bizienak aukeratu» omen dituelako; «nik ere pilota biziak hautatu ditut, eta konforme», aipatu zuen pilotari errioxarrak.

Finalerdietan Altuna eta Ezkurdia airean eraman eta gero daude Etxeberria eta Zabala kaiolako finalean. Ondorioz, teoriak lioke gaitasun fisiko handiko pilotari bik neurtuko dituztela indarrak igandean; are gehiago, antzeko ezaugarriak dituzten bi pilotari.

«Biok ezkerrez min handia egiten dugu kantxa erdia hartzen dugularik. Antzerako ezaugarriak dituen aurkari batekin neurtu beharra bitxia da eta, ildo horretan, buruaren aldetik ere gogor eta fin jokatu beharko da, fisikoki ez ezik», zehaztu zuen Zabalak.

Etxeberriak Zabalaren «eskuina» ere aintzat hartu zuen, beste ezer baino gehiago arestian aipatutako antzekotasunei ihes egin nahian. «Kontua ez da hainbeste arerioak zein arma dituen, baizik eta norberak berea ematea. Nirea eman badezaket, aukerak izango ditudalakoan nago», azaldu zuen zenoztarrak.

San Fermin Torneoan elkarren aurka jokatu zuten eta 22-13 nagusitu zen errioxarra. Etxeberriak, partida hori berrikusi ostean, onartu zuen partidaren bigarren partean dena atera zitzaiola eta horregatik irabazi zuela arerioak. Javi Zabalaren hitzetan, berriz, «fin aritu nintzen orduko hartan, baina igandekoa beste kontu bat izango da; borroka gogorra espero dut tanto bakoitzean».

FINALAZ GOZATU

Lau eta Erdiko hirugarren finala duenez jarraian, Etxeberriak «txapeldun izan beharraren presioa» gainean daraman jakin nahi zuten kazetariek, baina zenoztarrak «bideari» erreparatu zion. «Jakina txapela bilatzen dudala, baina niretzat garrantzi handiagoa dauka segidan hiru final jokatzeak», zehaztu zuen.

«Heldutasunera heltzen ari naiz. Altuna, Irribarria, Irujo edo Aimar bakarrak dira, besteok gure denbora behar dugu. Eguneroko lanean konfiantza daukat. Lehengo finalean Jokin gainetik pasa zitzaidan. Iaz -Lasoren aurka- xehetasunengatik joan zen. Aztertu ditut bi finalak, baina hau ezberdina da, beste aurkari baten kontra. Horretan zentratuko naiz», gaineratu zuen nafarrak.

Ondorioz, nahiz eta «kudeatu beharreko kanpo faktoreak» badaudela onartu, Etxeberriak ez zuen bere burua faborito ikusten. «Ez diot bueltarik ematen. Kontua norbere jokoa egin eta tantoak pilatzen joatea da, eta azkenean, 22ra iristen dena, txapeldun».

«Finalaz gozatzea» izan zen ere Javi Zabalaren nahia, nahiz eta beste ikuspuntu batetik begiratu. «Txapelarekin amestea nahitaez egiten duzun zerbait da, baina aintzat hartu behar da partida latza izango dela».

Naiaran sortutako pilotariak finala fisikoki oso partida gogorra izango ote den errezeloa azaldu zuen, neurri baten Peio Etxeberriaren indarguneetako bat partidan irauteko duen ahalmena den heinean. Sakearen garrantzia eta errematerako «aurreratu beharra» ere kontuan izan zituen.

«Kontua da saketik asmatu eta aurrera egitea, pilotaren barrura sartzea eta airea bilatzea. Ostean, tantotik tantora bitartean arnasari buelta ematen ahalegindu behar dugu», laburbildu zuen.

Augusto Ibañez “Titin III.aren” aholkuak ere kontuan hartu ditu finalera begira. «Asteok lasai hartu eta finalean dakidan bezala jokatzeko esan dit, erotu gabe. Egia da Errioxatik jendea etorriko dela, 200 zaletik gora. Baina ez dut ‘Titinen erreleboa’ izate horrekin erotu nahi», bota zuen, igandea noiz etorriko zain.