2025 AZA. 14 Bretxaren birmoldaketa aurrera doa lizitazio berri bat onartuta GARA DONOSTIA Bretxako gunea berritzeak, alegia, bi eraikinen eta horien artean dagoen plazaren birmoldaketak, pauso berri bat eman zuen atzo: Donostia Sustapenak Arrandegi eraikineko obren lizitazioa onartu du, merkatu tradizionala bertan kokatuko baita. Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotziak azaldu zuenez, 11,7 milioi euroko aurrekontua du. Oyarbidek gogorarazi zuen Sustapenak iazko irailean eskuratu zuela mandatu hori, proiektua «denbora luzez» geldirik egon ondoren. Udalaren iritziz, Baika Mercados SL enpresa ez zen betetzen ari hartutako konpromisoak, eta, horren aurrean, kontratua deuseztatzea eta kudeaketa publikoa berreskuratzea erabaki zen. 14 hilabete hauetan hainbat lan egin dituztela azaldu zuen zinegotziak. Horrela, uztailean berriro ireki zela Bulebarreko aparkalekua gune osoarekin lotzen duen tunela, eta horri esker inauguratu ahal izan zela gimnasiora bertatik sartzeko aukera. BASERRITARREN POSTUAK Azkenean, baserritarren postuak Arrandegi eraikinaren barnean egongo dira eta merkatu tradizionaleko 25 postu finko izango ditu: harategiak, arrandegiak, fruta-dendak eta beste produktu batzuenak. Eta hamabi postu baserritarrentzat, barazkientzat batez ere. 2026ko udazkenerako martxan jartzea espero dute.